Astekoa

Zenbat eta pertsonak gehiago ezagutu...

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2024ko uzt. 15a, 11:27

Orduan eta gehiago maite dut nire txakurra. Hala zioen Lord Byron-ek eta erabat ados nago baieztapenarekin. Orain dela gutxi GUAIXEn irakurritako berriak, "Sakanan umeak baino txakur gehiago daude", ez dit batere harritzen. Adibidez, gure familian txakur/pertsona ratio hori handitzen laguntzen dugu. Haur bat eta…

Betiko galdera: zenbat txakur dituzue? 

Eta zuri zer axola? Erantzuna ez da hori izaten, baizik eta gure familian txakurrak gehiago direla pertsonak baino, eta hala ere gutxi iruditzen zaizkigula. 

Haur bat bakarrik? Hobeto hiru, taxista batek esaten zidan aurrekoan. Hobeto zer? Ekonomia? Loa? 

Horrela ez da bakarrik haziko. Ba justu kontrakoa, gure haurra ez da bakarrik hazten ari, oso inguratuta dago, animalia artean bizi eta hazten ari da. Eta honek, onura asko izan ditzake, enpatia eta garapen sozioemozionala sustatu, ardura jarrerak, sistema immunologikoa indartu, estresa murriztu…

Hala ere, txakur bat izatea ez dugu arazo guztietarako erantzun erraza bezala hartu behar. Hau da, beraiekin bizitzeak onura asko ditu, baina erabaki pentsatua behar du izan. Ez da momentuko nahia edo inpultsoa, ardura handia baita. Eta askotan ekarriko dituen onura horiekin itsututa, txakurrak gure gizaki itxaropenak  betetzen ez baditu…badakigu zer pasa daitekeen, eta batez ere udan zer pasatzen den.

Txakurtegi batean utzi edo norbaiten etxe aurrean, Gabonetan guri pasa zitzaigun bezala. Norbaitek txakurra ez zuela nahi erabaki eta zuk irtenbide bat bilatuko duzulakoan…

Haurra, txakurra ala biak izan, zaindu maite duzun hori.