Astekoa

Jai doinuetan elkarrekin egongo gara

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2024ko ira. 16a, 09:00

Aurtengo uda inoiz baino azkarrago pasa denaren sentsazioa izan dut. Norbaitek x2ari eman balio bezala. Arrapaladan, Altsasuko Festak iritsi dira, barkatu nire "altsasuzentrismoa", baina jakina da "normaltasuna" ez dela Altsasuko Festak arte hasten. 

Eta, festetan, zer?

Udal programa ikusita, faltan botatzen ditut hainbat "betaurreko", inklusio eta zaintzena beste batzuen artean. Suziriak, zarata, musika altua... horrelakoak askorentzat (bai pertsona bai animaliak) deserosoak izan daitezke, eta asko ez dira festetara gerturatzen horregatik, edo ez dute ongi pasatzen. Praktika on baten eredua: Lakuntzan festetako "Lasaitasun txokoa", atrakzioetan musika jaitsi/kentzearen aukera. Ez hori bakarrik, –baita inklusioa eta zaintzaren ikuspegia festen antolaketan aintzat hartzea ere. 

Zaintzen harira, ardurak banatzea eta festak denok disfrutatzeko aukera izatea nahi dugu. Zaintzen ditugun pertsonendako ere bai, noski. 
Horrek, aurten Altsasuko Erraldoi Konpartsak 80 urte betetzen dituela gogorarazten dit. Gure familian kontziliazioa, festetan, erraldoiak ziren. Bai, bai, ama-izebak ileapaindegian lanean zeuden bitartean, aita-osabak erraldoiak dantzatzen, eta gu, dultzainero artean. Nire txalorik handiena etxekoek egindako esfortzu erraldoiagatik eta noski, 80 urte hauetan erraldoiek egindako dantza guztiengatik. 

Azkeneko hitzak: erasorik ez; zuen buruak zaindu; ongi pasa, pasatu gabe; eta aurten gure artean egongo ez diren senitarteko eta lagunen omenez, garagardo bat zerura! 

Inoiz baino gehiago, jai doinuetan elkarrekin egongo gara Ion.