Influencer batzuek eskaintzen dituzten gorputz idealen edo luxuzko bizitzaren argazkiek gazte eta nerabeengan arazo mentalak areagotu ahal dituztela geroz eta argiagoa da. Ikerketek diotenez, %32k Interneten bizitza perfektua erakusteko beharra sentitu duela aitortzen du, horrek errealitatea islatzen ez badu ere.
Ideia okerrak helarazten ditu eta hau errealitatea ez dela aitortu beharrean, hausnarketa beste aldera doa: "nik ez dut horrelako bizitza, zer egiten ari naiz gaizki?" Eduki mota hau hainbeste denbora kontsumitzeak errealitate gisa barneratzera bultza gaitezke, eta errua gure buruari egokitzea, horrelako bizitza ez izateagatik.
Eta nola eragiten du horrek gazte eta nerabeen osasun mentalean? Bada, autoestimua gutxitu, autokonfiantza falta, antsietatea, bere buruaren kontrako erasoak... eta, azkenik, buruaz beste egitea.
Profesionalki, geroz eta kasu gehiago iristen zaizkigu horrelako esperientzien ondoren, eta orain nola aurre egin horri? Nondik abiatu?
Askotan zaila egiten zaigu ulertzea zergatik gazte bat sentitzen den horrela; beste batzuetan ez dakigu zer egin horrelako egoeratan. Garrantzitsua da bere ezinegona ez epaitzea edo gutxitzea, eta saiatu enpatiaz eta lasai entzuten.
Denok dugu hemen zer esan; prebentzioa litzateke giltza. Txiki-txikitatik emozioak ezagutzearen garrantzia, hauek baliogabetu gabe eta, norbere burua zaintzearen, besteak zaintzearen eta laguntza eskatzearen garrantzia.
Saia gaitezen gure inguruko gazte eta nerabeen osasun mentalaren influencer eta ereduak izaten.