Astekoa

Errazagoa da haur ahaltsuak haztea…

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2024ko abe. 16a, 07:45

... apurtutako helduak konpontzea baino. Zer? Hori darabilt nire buruan azkenaldian plazan, kalean edo lanean haurrak eta gazteak ikusten ditudanean.

Noizbait baztertua sentitu zara? Horrela bada, altxa ezazu eskua… Zenbatek altxa duzue eskua? Norbait geldituko litzateke salbu? Ni, behintzat, ez.

Galdera hau eskola eremuan egin genezake eta ziur askok, uste eta nahi baino gehiagok, eskua altxatuko luketela.

Bihotza apurtu egiten zait taldean onartuak izateko jazarpena jasaten duten haurrak ikustea, urtetan hori jasandako gazte apurtuak terapian ondoan izatea ere bai.

Gauza bera gertatuko litzateke lan eremuan edo kalean galdetuko bagenu? Bullying-a, mobbing-a, hau da, beste pertsona bat erasotzea egunerokoa bihurtu da, eskola, kale, lan eremuan.

Aniztasuna maite dut, ez dut molde bereko pertsonaz inguratuta bizitzea nahi, garen modukoak izateko adorez betetako pertsonaz baino. Ez dut nahi diren modukoak izateagatik zigor soziala eta bazterkeria jasotzea.

Beste behin ere hemen idatzi dudan bezala, helduok gara haur eta gazteen ispilu. Kalean haur artean horrelako bat ikusten badut, guztiei laguntza behar duen galdetu eta jarreraren bat gelditu behar dela pentsatzen badut, gelditu!

Izan gaitezen haur eta gazte hauentzat espazio seguruak eta pertsona ereduak. Zenbait jarrera onartezinak dira eta horiei aurre egiten eta euren eskubideak modu egokian defendatzen irakastea, laguntza eskatzea bezain garrantzitsua da.

Azaroaren 25ean oihukatu genuen bezala, Konponbidea ez bazara, arazoa zara. Kasu honetan ere bai!