Astekoa

Hil arte bizi

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2025ko ots. 10a, 08:08

Urte bat gure artean ez zaudenetik.

Urte bat WhatsAppez berria jaso nuenetik eta lanetik noraezean korrika atera nintzenetik.

Ihauterietako asteartea oraindik buruan, bat-batean erditik zatitu banindute bezala sentitu eta neure buruari ezetz, ez zela posible esaten nion.

Urte baten ondoren ere hori galdetzen jarraitzen dut. Zulo bat bihotzean, bizitzan, familian…

Ez zara galera bakarra izan, beste batzuk gainjarri ziren zurera, familiako beste pertsona batena, Ur, gure txakurrarena baita ere. Dolu gainjarriak esaten zaie, oraindik bat landu gabe beste batean sartzen zarenean.

Dolua, horixe izanik, ukapena, amorrua, tristezia eta azkenik onarpena. Nola onartu onartezina? Nola jarraitu?

Prozesua den heinean, denbora da, egokitzapen prozesu bat. Egoera eta bizitza berrira egokitzea. Gu prozesu horretan egonda besteak ere lagun ditzakegu, entzun eta haiekin egon.

Eta haurren kasuan… beraiek ere dolua biziko dute betiere egoeratik kanpo uzten ez badira.

Ohikoa da, gainera, 3 urtetatik aurrera galderak egitea? Niri azkenaldian horrelakoak entzutea tokatzen zait. "Ama, ez naiz hilduko (hilko) ezta?" Nahiz eta galdera horren aurrean duda izan zer egin, bere adinerako azalpena eman. Ni oraindik erantzun egokiaren bila nabil…

Ipuinak beti dira horretan lagungarriak, betiere adin guztietako haurrentzat, helduak barne, noski. Beste batzuetan, egoerara egokitzeko terapia egokia izaten da, badaude profesional eta elkarteak horretan adituak.

Kantauritik harago zerbait balego besarkatuko gara berriro, denok.