Edo beste modu batera esanda, lau pareta gabeko ikasgelak. Horiek dira, nire ustez, ikaskuntza esanguratsua izateko aukera gehien ematen duten espazioak.
Naturatik geroz eta haratago gaude, baina gure egunerokoan biofilia elikatu ahal dugunez, beste batzuetan hitz egin dudan bezala, hala egingo dut, edonori zuzendutako hausnarketekin.
Gaurkoan, eta udaberriari ongietorria emateko asmoz, hezkuntza arloari, modu orokorrean ulertuta, zenbait galdera zuzendu nahi dizkiot, buelta batzuk eman eta gure hezkuntza eredua berdetzeko intentzioarekin.
Zuen ikastetxean ba al duzue kanpoan ekintzak egiteko espaziorik? Baiezkoa bada, egunero erabiltzen al dituzue? Askotan gerta daiteke, nahiz eta kanpo espazio bikainak izan, noizbehinka besterik ez erabiltzea.
Erantzuna ezezkoa bada, lasai. Eskolak egiterako orduan lau pareta egin eta kanpo espaziorik gabe zaudete? Lasai, beti dagoelako aukeraren bat naturarekin konektatuago egoteko. Adibidez, ikasketa prozesuan erabiltzen diren materialak natura elementuak izatea: harriak, makilak, hostoak…; literaturara jo, natura gaitzat duten ipuin eta dokumentu asko baitaude; gelan landareak izatea eta denon artean zaintzea...
Eta ekintzak. Adibidez: "Zure zuhaitz berezia aukeratu eta ezagutu". Zergatik da berezia, non dago zehazki (koordenadak zehaztu), zein motatakoa den, zein dimentsio dituen, nolakoa den ukitzerakoan, zenbateko diametroa duen... Hau "Gazte naturalisten koaderno"-an aurki ditzakezue.
Telebistak ez bezala, naturak ez du denborarik lapurtzen, areagotu egiten du.
Hezkuntza berdez tindatzera animatzen zaituztet!