Azken aldi honetan gertakari latzak bizitzen ari gara. Gertatutakoaren neurriz kanpoko larritasunak Nafarroako Gobernua bera ere hunkitu du. Bereziki, atxilotuen familiak kalbario ezin handiagoa pasatzen ari dira. Haien ondoan egotea ezinbestekoa da une hauetan; askoz ere gehiago, orain, gabonak datozelarik eta “Hator, Hator mutil etxera” kantaren metaforak inoiz baino zentzu sakonagoa hartzen duen honetan.
Sanferminetako bortxatzaileen irudiak taldean eta aurpegiak pixelatuta ikusi nituen erdal egunkari batean, izenik gabe eta “ustezko” hitza gaineraturik. Aldiz, Altsasuko ferietan atxiloturiko gazteenak banaka, karnet moduko argazkietan lehen planoan, izen-abizenekin eta pixelatu gabe. Ez zaituzte berdin tratatzen Altsasukoa bazara.
Arrazoi politikoak alde batera utzita, pentsa liteke altsasuarron pekatua, kartzelara eraman zaitzakeena, euskalduna izatea dela, euskaraz jakitea, eta euskararen herriarentzat askatasunik handiena aldarrikatzea. Izan ere, altsasuar asko eta asko “ez gara hemengoak”, Sarrionaindiak esango lukeen bezala. Altsasukoak gara, baina badugu beti gure familietan “kanpotar” bat, denak ez baditugu. Iritsi ginen belarrimotz eta zorroztu genuen belarria. Euskaldun bilakaturik, izugarrizko atxikimendua diogu gure hizkuntzari. Behin Sarabeko Jesusa Irigoienekin hizketan, argi eta garbi esan zidan nolako egoera larrian egon ginen eta gauzak nola aldatu diren gaur egun:
“Ba, hemen, egiten zen leheno ere. Beti etortzen gen gu alderdi honta eta hemen jende, horrenbeste jende zon guain beindo ere. Danok ezagutzen genuen leheno herri guztiok, zeren txikio zan leheno, hau beti txikio guain beindo ere, eta orduen ezagutzen ginduen herri guztia, Altsasuko guztiak, zertzen ginduen, ezagutzen ginduen, ezin ezkeoz ferrobiario batzuk, edo kanpotik etorriak, edo beste lekukoak, baino ja gero etorri zen gerria, eta harek jibatzen zigun. Eta harek euskeraz egin ezkero edo aditua baldin bazintuen bakarren bati esateko agur edo... honekin egiten bazinduen... Jobar…!! Baziren zerakin, hau egitearekin, hau egin berrien, hau… Muerto! Danak! Holaxen! Eta ezin zinduen euskaraz egin! Eta orduan galdu ginduen asko! Altsasun hil zan. Horiek denak egiten zuten eskuraz! Sekula ez ziguten erderaz egiten guri! Beti-beti-beti eskuraz! Holan fateko... ez dakit ba! Zeitik pasadeko horiek hil ziren; zeitik ja horiek ere, ja urteak dira horiek hilik... ta ja jende dana... ja desaparezitu da, danak fanik hemetik... Baina goain distinto da! Distinto da bai!”
Bai, gauzak aldatu dira orain. Haurrak euskaraz aritzen dira. Euskara berreskuratu dugu maisu-maistra askoren lanari esker. Maisu izateko praktiketan zegoen bat kartzelan dago orain. Bera eta besteak kalean behar ditugu jadanik.