Sakana irudimenaren lurraldea da eta, ondorioz, irudimena lantzen badakigu. Hori dela eta, 1992tik hasita eta 18 ediziotan (adinez nagusi egin arte) alor hau lantzeko sariketa batzuk antolatu dira Sakanako Ikastetxeetan. Ideiaren sortzaile eta sustatzailea Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzua izan da. Dena den, ideia bera ere ez zen berria, irudimena lantzearena bai, baina idazmena lantzearena ez.
Izan ere, Mankomunitateak berak antolatuak zituen 1990ean eta 1991n beste literatur sariak, antzeko filosofian, baina Sakana Idazten lelopean. Noizbait atal honetan bertan aipatu den “Umeen deia” liburu sortaren jarraipena bezala uler daiteke honako hau. Sakanako haurrek idazteko aukera izan dutenean ez dute batere gaizki egin… Gehiago esango nuke: oso ongi egin dute beti.
Beraz, sari horiek aurrekariak izan zituzten, baina haiek ere izan ziren aintzindariak beste batzuentzat eta irudimena lantzeko une gehiago egon dira gure historia txikian. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, beti eraginkor eta eragile, euskara sustatzeko ahaleginetan, inoiz ere geldirik gelditzen ez denak, beste sari bat eratu zuen handik gutxira: “Maria Markotegi” deitutakoa, Sakanako Eskolarteko Literatur Lehiaketa.
Maria Markotegi behar bezain ezaguna eta aitortua izan ez den Etxarriko idazle bat izan zen, 2005ean zendua. 1998an argitaratu zuen Izarratu eleberri laburra (Txalaparta argitaletxea), irakurri beharreko Haur Literaturaren ezinbesteko liburua.
Idazle gazte haiek egun batean koxkortu ziren eta haurrak izateari utzi zioten, profesional helduak bilakatuz: kazetariak, abokatuak, sendagileak, unibertsitateko irakasleak, etab. Hain zuzen ere, horietako bat, Maider, nire laguna da unibertsitatean. Sakandar batzuk bagaude Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Larraza, Razkin eta Zufiaurre eta Perez de Villarreal urdintarrak. Hain zuzen ere, Maider bera izan da 1991ko liburua oparitu didana. Azalean eta kontrazalean haurra zelarik berak egindako marrazki ederrak, barruan bere ipuin sarituak, Ione Goñi Errazkin, Eider Garde Mazkiaran, Igone Goikoetxea Motino (Urdaingo idazle ezezaguna), Oihane Zufiaurre (Kaxkarin), Ion Igoa Etxarri (Bierrik), Txaro Ondarra Erdozia (Oner), Juan Pablo Santano (Eate), Isabel Bengoetxea Azpirotz (Olivetti), Mikel Reparatz Extramiana (Inguma, ETBko korrespontsala nazioartean) eta Maider Perez de Villarrealen (Kuzkixa) beraren Misketsi pertsonaiaren abenturekin batera.
Fantasiaren herritik S.O.S. bidaltzen digu Misketsik irudimena landu dezagun arazoak gainditzeko eta irtenbideak bilatzeko. Armen hizkuntzari agur esateko ordua iritsi den garai honetan, gehiago entzun beharko genieke haurrei.