Iruñea-Veleia zoriontsuak ginen garaian

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2017ko mai. 12a, 07:59

kolaboratzaileak

Mezu bat jaso nuen duela hamar bat urte nire tesiko zuzendari Henrike Knörren eskutik. 2006ko ekainaren 13a zen, asteartez, goizeko 09:31:59 orduan bidalita. Nire tesiaren aldezte-ekitaldiaren egunekoak eta bezperakoak aipatzen zituen eta ekainaren 21ean, asteazkenez, nire jarduna izanen zela esaten zuen.
Fakultatean egiten ari ziren lanak zirela eta, mezuak argitzen zuen ekitaldia ez zela han izango, beste eraikin batean baizik, Gasteizko Koldo Mitxelena Liburutegian, hain zuzen ere. Gero, defentsaren ondoren, Armentiara joatekoak ginen, baina azken egun haietako berriak (“berri guztiz onak”) entzun ondoren, Iruña-Veleiara joan gintezkeela pentsatu zuen nire maisuak. Gasteiztik 10 kilometrora. Beraz, aski zatekeen auto bat edo bi mugitzea. Arratsaldeko 5etan hasiko genuke bisitaldi hori.
Mezuan adierazten zen bezala, bi minutu lehenago (09:29:59an) aztarnategiaren zuzendaria zen Eliseo Gil Zubillagarekin mintzatua zela eta berak adierazi zion bezala, ez zen inolako eragozpenik hara gerturatzeko. Euskal hitzak zituzten erromatarren garaiko pitxar puskak edo “ostrakak” agertu ziren egun haietan Iruña-Veleian eta puska haien argazkiak erakutsi behar zizkigun, puskak berak harrezkero Arkeologia Museoan baitziren giltzapean.
Artikulu hau apaintzen duen argazkia arratsaldeko 17:30ean egin genuen. Ostrakak aurkitu ziren lekua da. Ordu berean egindako beste argazki batean aztarnategiaren zuzendaria agertzen da hara joandako guztiokin, poz-pozik. Denok bezala.
Beroa egiten zuen eta arratsaldeko eguzkiaren izpietatik saiatzen ginen geure buruak babesten aztarnategiko barrakoiaren (txapazko kontainer zahar baten) gerizpean.  
Egun, batzuk agertu dira alde, beste batzuk kontra. Baina, ezin uka daitekeena da une hartan zoriontsuak ginela. Denak adiskide, denak irrifartsu, denak pozik.
Ongi izan, eta agin iezaiozue zerbitzari apal honi.