Azken egun hauetan narrazio laburren liburu interesgarri bat argitaratu da. 39 idazle nafarren narrazio laburrak biltzen dira lan horretan. Olerkariak baizik ez direnak beste baterako utzi dira, eta horregatik Sakanako idazle ezinbesteko batzuk gelditu dira kanpoan. Hala eta guztiz ere, liburuan Sakanako ordezkaritza ez da makala, Jose Luis Asensio Igoa (Etxarri-Aranatz), Izaskun Etxeberria Zufiaurre (Altsasu) eta ni neroni (diasporaren altsasuarra) bertan gaudelako. 39 idazletatik 3 sakandar, kopuru osoaren %7,7.Ez dago gaizki.
Egile hauen ipuinetan hainbat leku aipatzen dira: Paris, Madril, Donostia, Rio de Janeiro, Lisboa, Honshu, Iruñea, Yamagutxi… baina bada bat, beste guztien gainetik gailentzen dena: Altsasuondo. Alegiazko herria, Izaskun Etxeberriaren Makondo berezia dena. Etxeberriak Iruñeko Udalaren literatur sari asko lortu ditu azken aldi honetan (Jose Luis Asensio Igoak bezala) eta bere ipuinen kokapena Burunda izan ohi da.
Batean bidelapurrak dira mintzagai, beste batean (“Ura ere gorria”) Katali neskatila gaztearen gerra garaiko bizipenak. “39 idazle nafar” liburuan Katali neskatikoa emakume bilakatua aurkitzen dugu berriro. 50eko hamarkadan gaude eta Altsasuondoko tren geltokian mugimendu handia dago. Juan Mari tren geltokiko mutila da, maletak garraiatzen dituena. Haien artean ziur telazko bat, izkinetan burdinezko errefortzu batzuk dituena sendotzeko. Herrira datozen kanpotar horien artean, nire aita egongo da, seguru. Maleta berea da, zalantzarik gabe.
Etxeberriak oso ongi erakusten du geltokiko giroa. Tabernarena, zigarroen kez betea. Kanpotarrak, ogia irabazteagatik herrira datozenak. Herrikoak, gosearen hatzaparretatik ihes egitearren kanpora doazenak. Nire izeko Juanitxo bezala, bere “opilaren egitera” Parisera joatea erabaki zuena. “Fan… Fan hemetik!!”. Negarrez, bere lagunarekin, tren zikin baten bagoi zikinago batean.
Kataliri bagoi horiek garbitzea egokitu zitzaion gazte garaian. Lan gogorra, baina txatarrak biltzen ibiltzea baino askoz hobea. Halere, Juanitatxok bezala, berak ere erabaki du (baldin eta beharrak erabakitzeko aukera ematen badizu) herritik alde egitea. Orain, tabernako leiho ondoko mahai batean dago, trenaren zain. Ongi ezagutzen du geltokia.
Altsasuondo ferrobiarioen herria da. Kataliren aita zena trenbideko langilea izan zen, nire berraitona bezala, Araian barrerazain zegoena. Zibilak ere tren geltokian dabiltza bere zizpekin gora eta behera. Altsasuondoko hiru sakandar (Ramirez, Arnanz, Unamuno) Madrilera daramatzate. Katalik ongi ezagutzen du trena. Orain, behar-beharrezkoa du askatasuna lortzeko. Kristalaz beste aldetik, Altsasuondoko soinulariaren doinua entzuten da trenaren txistuarekin batera.