Dedicato a tutti quelli che stanno scappando

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2017ko ira. 8a, 11:49

kolaboratzaileak

Ongi ba, adiskideok, oporrak bukatu dira eta bizirik gaudela dirudi. Orain kanta genezake denok batera harako hura: “uda joan zen eta negua heldu da…”, hilaren 22ra arte ofizialki uda bukatzen ez den arren. Baina, benetan… ez ote gara pozik bizi oporretan, gure inguru hurbilaren berri izan gabe, inguratzen gaituzten miserietatik urrun, oso urrun…?
Itzuli ondoren mundua hor dago oraindik… Dinosaurioaren antzera, Augusto Monterrosoren mikroipuinaren antzera… Hor dago. Mundua ez da akabatu, Ipar Koreak bere misila bota duen arren, Espainia desegiten den arren, katalan maltzurren desafioaren menpe. A ze beldurra oporretatik bueltatzen garenean! Eta zeinen ongi bizi ginen ezer ere gertatzen ez zenean zuhaitz baten itzalpean, edota itsasaldean olatuak zenbatzen.
Uda honetan, eguzkia besterik ez zegoen leku batean egon naiz. Ura edateko 50 zentimo ordaindu behar genuen. Hori bai zela arazoa. Arazo bakarra, beste alde batetik. Bizi nahi bazenuen, egarri bazinen, 50 zentimo ordaindu behar zenuen 33 zentilitro ur lortzeko. Ur freskoa. Gozoa. Ezin zenuen tranparik egin. Ezin zenuen ur botila bat hartu eta zeure kabuz iturritik bete. Ez. Iturriko ura epela zen, eta gazia, itsasoko ur gatzgabetua… gainera, berehalaxe berotzen zen eta salda baino beroagoa jartzen zen dena ahotik botatzeko modukoa listua bota duenaren modura. 50 zentimo uraren truke. Behin uraren makina hondatu zen eta konpondu zutenean baso bat ur eman ziguten dohainik… A ze nolako poza! Nola eskertu genuen! Ura eman ziguten ezeren truke! Ur freskoa!
Nork maite du gerra? Nork hil nahi du egarriz?
Bada pelikula bat iheslariei eskainita dagoena. Iheslari mota guztiei. Gerratik ihes egiten duten guztiei. Jazarriak diren guztiei. Berunezko eguzkiaren azpian egon eta ur freskoa edan nahi duten guztiei. Film horren izenburua “Mediterraneo”. Gabriele Salvatores zuzendariak 1991n egindako pelikula italiarra. Gomendatzen dizuet bereziki egarri bazarete, bereziki oporrak zer diren ez dakitenekin bat egin nahi baduzue, denbora geldiaraziz. Ume txikien gorpuak itsasertzetan aurkitu gabe. Bigarren Mundu Gerran kokatzen den arren, gerrara doazen soldaduek itsasoa aurkitzen dute, maitasuna, eguzkia, Kastellorizo uharte greziarraren gerizpe goxoa… denbora gelditu da eta gerratik ihes egin daiteke.
Hatortxu Rocken soberan gelditu ziren elikagaiekin hiru kamioi bete ziren eta Greziako Chios uhartera eraman zituzten iheslariei laguntza emateko. Chios kaiola erraldoia, kartzela, bilakatu da bertan dauden iheslari gizagaixo egartsu guztientzat. Save the Children elkarteak salatu duenez, Mazedoniak bere mugak itxi zituenean 62.000 lagun osotara gelditu ziren Grezian harrapatuta, horietatik 20.300 haurrak, 2.200 gurasorik gabe. Ur freskoa nahi dute. 50 zentimo.