Espainian preso politikorik ez dago, omen

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2017ko urr. 27a, 08:03

kolaboratzaileak

Edo hala sinestarazi nahi digute behintzat. Egia esan, haien logikari jarraikiz hemen ez badago preso politikorik, inongo lekutan ere ez. Venezuela aipatzen dute nahi dutenean… Alkate bat preso dagoela diote. Hori bai omen dela preso politikoa. Baina Kataluniako hamalau goi kargudun preso ez omen dira preso politikoak, politiko presoak baizik. Bai, oso txiste ona.
Preso politikoak ez diren hauen delituak zerrenda ditzagun, benetan larriak baitira: Ekonomia eta Ogasun Idazkari Orokorra izatea da baten delitua, Kanpo Arazoetarako Bulegoko Arduradun izatea beste batena; Teknologien eta Telekomunikazioen Zentroko Zuzendari bat ere badago; Segurtasun Zentruko Arduradun Nagusia (Hacker arriskutsu bat, atzerrian bizi diren katalandarrei elektronikoki bozkatzera behartzen diena); PuntCat Fundazioko arduradun teknikoa, proiektu teknologikoez eta segurtasun informatikoaz arduratzen dena, eta zerrenda osatzen, Kataluniatik alde egin beharrean Govern-i erreferendum ilegalak egiten sostegua ematen dion T-Systems multinazionalaren Zerbitzu Nagusien Zuzendaria.Hauek ez omen dira preso politikoak. Ez omen dituzte kartzelatu beren ideiengatik, erreferendun ilegal bat egin nahi izateagatik baizik. Hala eta guztiz ere, hauek ez badira, ikus dezagun beste batzuen kasua: izan ere, izan badira beste bi gizajo preso politikotzat hartuak izan direnak: Jordi eta Jordi. Hor ari dira pankartetan beren izenak aldarrikatzen: “Llibertat Jordis. Presos Politics de l’estat espanyol”. Ba, ez, gobernuaren iritziz horiek ere ez omen dira preso politikoak. Herri honetan, nork bere ideiak izan ditzake askatasun osoz. Hori dela eta, hauek ez omen dira beren ideiengatik kartzelatuak izan, sedizio delitua egin dutelako baizik. Hala diote. Hala sinestarazi nahi digute. Baina, zer da sedizioa? Zer delitu mota da hori?
Espainiko Errege Akademiaren iritziz (Euskaltzaindiak barka nazan konpetentziaren hiztegia aipatzeagatik) sedizio hitzak zera esan nahi du: “autoritatearen, ordena publikoaren edota diziplina militarraren aurka kolektiboki eta indarrez altxatzea” baina “matxinadaren larritasunera iritsi gabe”. A zer lasaitua! Larria da, baina matxinada askoz ere okerragoa. Eta hala ere, sedizioa, bere bigarren adieran, matxinada ere izan daiteke, pasioena bada ere: “sublevación de las pasiones”. Baina ez dut uste gehiegi maitatzea, maite-suak eta garrak hartua egotea kartzelara eramateko nahiko delitua denik.
Haientzat, halere, ez omen dira Preso Politikoak… Euskal Herritik urrun dispertsioan daudenak ere ez… Baina, benetan, urtebete gugandik urrun dauden Altsasuko Adur, Jokin eta Oihan ere ez? Ezetz diote, ozen eta gora, alkateari izkutuan grabatu zioten horiek.