Jai giroan, herri bazkari batean, nire emazteak “kutxilloa pasaidazu” esan zion lagun bati eta berak: “Hi, neska, hori ez dela hala esaten! Aiztoa dun euskaraz.” Orduan nire koinatuak erantzun zion: “ba, guk Etxarrin beti labana.” Laguna tematu zen berean: kutxilloa erdarakada zela eta labana Euskara Batuan ez zela erabiltzen, aiztoa zela nagusi.
Koinatua, mahaitik altxatu zen orduan eta nik: “Baina nora hoa bazkariaren erdian?” Ez zidan kasurik egin eta joan bezala etorri zen bere iPad berria eskuan zuela. Paellaren platera eta ardo botila albo batera utziz, mahaiaren erdian lekua egin zuen bere tramankulua bertan ezartzeko. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) izena zuen orri bat ireki zuen orduan.
“Begira”, esan zuen, “euskalkien mapa honetan ikusten da aiztoa Bizkaiko bizpahiru herrietan besterik ez dela ezagutzen. Urdiainen kutxilo, Bizkaiko eta Gipuzkoako leku gehienetan bezala. Arbizun eta Dorraun labana, Tolosan, Donostian eta Nafarroako beste leku askotan bezala. Batasunaren izenean betiko hitzak baztertu dira eta orain, euskaldun askok ez dakigu ezta euskaraz ere ote dakigun.
Batzuek galdetzen dute: nola esaten da “tenedorea” euskaraz? Eta erantzuten dugu: sardexka. Baina hitz hori Aian baizik ez da ibiltzen, eta han beti brometan bezala, sarde txiki bat balitz bezala. Nola esaten da “karakola” euskaraz? Eta erantzuna: barraskiloa. Baina hitz hori Busturian baizen ez da erabiltzen. Leku guztietan kakola, karakola. Oñatin, bai, marraskiloa; herri bat Euskal Herri osoan. A zer parea! Karakola eta barea!
Nola esaten da “kukaratxa” euskaraz? Labezomorro? Ba, kukaratxa da nagusi Sakanan eta ia-ia Nafarroa eta Bizkaia osoan ere. Elhuyar hiztegian mokotarro agertzen da… baina non demontre erabiltzen da hori? Eta “bideberria”, nola? Ba, jakizue, bideberria oso hedatua dagoela eta EHHA-n ez dela errepidea jasotzen, eregebidea edota errebidea baizik. Behe Nafarroan eta Zuberoan bideberria. Bizkaian bidebarria. Eta nola esaten da “kunkun” euskaraz? Ba, kunkun eta kitto.”