Askatasuna, Santxo, zeruak gizon eta emakumeei eman dien dohairik preziatuena da. Lurrak eta itsasoak gordetzen dituzten altxorrak ezin dira berarekin konparatu. Askatasunagatik bizitza arriskatu daiteke eta arriskatu beharra dago beharrezkoa balitz. Aitzitik, preso egotea gizon eta emakumeei gertatu ahal zaien gaitzik handiena da.
Pinotxetek laborategian hazitako bakteria batez eraildako Txileko poetak bere kantu etsituan idatzi zuen bezala, “bizi naizen gau honetan zuen oroimena uren gainetik azaleratu da, ibaiak itsasoari bere aiene tematia lotu dion unean”.
Ayalde zaharrak, Antton Valverde kantariaren aitak, hauxe galdetzen zion bere buruari: “Euskal sustraia! Herri honen mamia non dago?” Eta jarraian… “Hauxe duk nire ustea: ez kromletx, ez dolmenetan, ez harri koxkor zaharretan… Itsaso-bazter etxetan, ta mendi baserrietan, oraindik bizirik bainan huts sakon ilunpetan estaltzera dihoakigun hizkuntza gurean.”
Elkorriko errekaren ondoan, Aranazko Erkidegoaren lurretan, olagizon-emakumeak bizi izan ziren, eta beren mailuen tiriki-tauki-tauki doinua ozen entzuten zen Sakana osoan, Jorge de Oteiza jaio baino askoz ere lehenago. Beren herrian libre, mendietan aske, otea bezala, botoi horiaz betea.
Gure hizkuntzan dago, bai, gure herriaren funtsa. Baina era berean, askatasunari zor diogun maitasunean ere; bera baita gure herriaren ezaugarririk gorena. Ez dugu, ez, edozein herririk nahi; ez dugu, ez, edozein bihotzik nahi. Bihotz askeak, herri askeak nahi ditugu. Legearen aurrean denok berdinak garela sinestarazi nahi digute, baina Eduardo Galdeanok erakutsi eta nafar antzezleek gogoratu diguten bezala, zeruko legean baliteke, baina lurrekoan ustezko berdintasun hori desberdina da beti batzuentzat eta besteentzat.
A zer pena…! Betiko gerrak, betiko tiranoak, betiko kateak… Non ote dira Aralarko Elkorriko olagizon eta emakumeak? Etorriko ote dira berriro kateak apurtzera? Kartzelako ateak beren mailuez irekitzera?
Zatozte Altsasukoen alde…!!