Polemika etxe izenen bilketaren arloan

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2018ko api. 13a, 08:17

kolaboratzaileak

Sakanako etxeen izenak jaso behar dira galdu baino lehen. Hala ere, lanari ekiteko unean bi ikuspegi kontrajarriak daude: alde batetik, filologiari garrantzi osoa ematen diotenak (eta aholkatzeagatik kobratzen dutenak) eta, bestetik, gizarteari zerbitzu bat eman nahi diotenak (musu truk lan eginez).
Filologoek antzina dokumentatu den izenari lehentasuna ematen diote, jabeak zer uste duen kontuan hartu gabe. Besteek, berriz, garrantzi osoa ematen diote jabeen iritziari eta errespetatzen dute beren aukera.
Izena agiri zaharretan ez badago, okerragoa da, filologoek datu historikoen falta larria dagoela baitiote, ikertzaile boluntarioen lana zalantzan jarriz.
Leku izenak finkatu zirenean dokumentazioan agertzen ez ziren izenak onartu ziren (Etxarriko Amarriturrietako erreka, Auntzasoro edo Urdinbei), zer dela eta ezin da era berean jokatu etxe izenekin? Maiderren amaren etxea Arruazuko Padrenea edo Padrerena eta aitarena Lakuntzako Elanekoa edo Elanie dira agiri zahar batean egon edo ez.
Kontuan har ditzagun landa etxe izen hauek: Arakilen, Arruazuko Martxoenea, Egiarretako Zarranz eta Abarra, Errotzeko Oskia, Etxarrengo Juanserena eta Iratzar, Hiriberriko Martinberika eta Irigoien, Irañetako Baltegi eta Araiztar, Satrustegiko Zubiarena eta Urritzolako Txastarena, Zuhatzuko Loperena. Ergoienan, Dorrauko Axkardigein eta Etxeondo, Lizarragako Txikenekoa eta Mendi eta Unanuko Edronekoa. Burundan, Altsasuko Errotazar, Latxanea eta San Pedro bidekoa, Bakaikuko Olaskomuno eta Angoiko, Iturmendiko Elordi eta Nemesio, Olaztiko Imaz eta Urbasa bidekoa eta Urdiaingo Ezti-iturri eta Erburu. Aranaz zaharreko lurretan, Arbizuko Reparaz, Etxarriko Azpikoetxea, Izar-Ondo eta Olatzea, Lakuntzako Ataundarra, Etxaundia eta Etxeberri eta Lizarragabengoako Urmendi.
Pentsa dezagun une batez etxe hauen izenak aldatu beharko bagenitu filologo batek hala aholkatzen duelako: zer nolako bertsoa botako luke Joseba Beltza etxarriarrak Sakanako etxeak gaiari berriro heldu beharko balio?