Salve Regina, mater misericordia!!

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2018ko eka. 1a, 08:25

kolaboratzaileak

Evaristo abeslaria lasai bizi zitekeen arazorik izan gabe bere etxean sartuta, Aguraingo haize garbia arnasten eta bere seme-alaben seme-alabei garai haietako pasadizoak kontatzen. Baina, zoritxarrez, Hertzainak taldeak kantatu zuen bezala, sasoi latzak dira hauek, egunero, dena okerrago dago (The Pioneers “Time hard” gogoan, The Selecter taldearen bertsioan), eta ezin izan da etxean goxo-goxo gelditu. Rocker zaharra da Evaristo, La Polla Records arima izan da lehen, Gatillazo taldearena da orain. 30 urte baino gehiago, ia 40, pasa du eszenatokiaren gainean: inor ere ez dago munduan handik jeitsiaraziko duena.
Cadizen egon da egun hauetan. Andaluziako bideetan atxiki eta identifikatu dute. Hemen, Euskal Herrian, bidea motza da, baina han da luzia. Hain da luzia ezen birao egiteagatik bide bazter batean Evaristo salatu duten. Aho garbikoak dira. Bere hitzekin iraindu omen die. Zuri, berriz, iraintzen badizute... izorra hadi!! Ahoa irekitzen baduzu agian beste zartako bat eramango duzu. Hobe txistuka hastea: la, la, la, oh, oh.
Niri behin aingeru batek txua bota zidan aurpegira beste baten aurrean (salaketa jarri ordez, etxera joan nintzen bigarren karkaxari itxoin gabe) eta beste behin kotxeko pilotoa apurtu zidan beste batek makil kolpe ezti batez... baina nik, txapeldun bat bezala, nire ezpainetako irriñorik ederrena galdu gabe, ez nion paperik eskatu... Hori bai, harengandik urrun nengoenean, Vendettaren bertsioa ozen-ozen jarri nuen nire autoko irratian: “Every day things are getting worse. Time's so hard, la, la, la, oh, oh.”
Evaristo, zaharra da, baina gazte sentitzen da. Izan ere, gaztez inguratuta dago: txiolariz, txontxongilo-erabiltzailez, rap kantariz eta (zahar batzuk ere tartean) Kataluniako diputatuz eta presidentez. Denak daude adoretsu goiari eutsiz, kartzelan edo atzerrian, preso edo iheslari. Batzuk errepidean atzemanik, beste batzuk Altsasuko taberna batean goizeko 5etan. Denak ari dira askatasunaren zain: la, la, la, oh, oh.