Don Marino, hilabete eskas dagoela Altsasun

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2018ko aza. 23a, 08:15

kolaboratzaileak

Iritsi nintzenetik hauxe izan da nire lana: herritar guztiei elizan babesa ematea eta nire parrokia biztanle guztientzat irekita izatea, leku sakratu honetara hurbiltzen diren guztiek laguntza aurki dezaten.
Iritsi bezain laster, lehenengo igandean, pulpitora igo nintzen eta handik nire ekintza berriaren goiburua azaldu nien han bildutakoei: “Ozenki pentsatu, sakon sentitu eta argi hitz egin”.
Egia esan, leloa ez da nirea, Rivasko Dukearena baizik, poesiaren definizioa omen. Baina neure egin dut, eta nire iparra izanen da hemendik aurrera.
Duela hilabete iritsi nintzela eta oraindik ez dut ia denborarik izan hemengo errealitatea ezagutzeko, baina, dagoeneko, hodei beltzak nabaritzen ditut gure zeruan. Oinazea eta tristura. Agerikoa da herri osoa zigortzen ari direla.
Altsasuri buruz entzuten ari naizen berriek, parrokiari buruz, bihotza erdiratzen didate, denok dugu tristezia sentipen bera, oxigenoa bilatu behar da nonbait. Lehengo igandean nire eliztar maiteei kezka handiz esan nien: “Presta zaitezte aste honetan entzun beharko dituzuenentzat… gezurrak, manipulazioa…”
Oraindik gogoratzen naiz duela hilabeteko goiz eguzkitsu hartaz. Adio esateko ordua ailegatu zelarik, galdetu nion: “Agur t’erdi, apezpiku jauna, Altsasura joateko ordua iritsi zait. Zer nolako aholkurik eman nahi didazu han egin dezadan? Betebehar bereziren bat?” Orduan berak erantzun zidan: “Zer nahi duk esatea? Ongi ezagutzen haut eta bazekiat egingo duana ongi egina egongo dela… baina, halere, bai, bazegok gauza bat aholkatu nahiko niakeena: hoa Altsasura eta ez esan ezer, baina hire izakeragatik eta hire egitekoengatik argi gera bekie beste altsasuar bat baino ez haizela.”
Orain elizan nago, argizarien argitan meditatzen. Halako batean, kanta batek isiltasuna apurtzen du, Mixel Labeguerie kantari lapurtarrarenak kanpandorretik kantaturik.
Gure eliz dorreko ezkila zaharrak… dilin-dalan-dalan, din-dan boleran… Kanta beza ezkilak menderen mendetan, kanta beza bizi Euskal Herrietan !!