Eguzkiak ez du oraindik iazko elurra urtu eta oraindik aurtengoa bota ez duelarik izotza eta oinazea berretu eta zabaldu nahi dute atzera ere gure herrikideen eta familien artean.
Berriz ere, Auzitegiak bere begi bendatuen zirrikitu askoren arteko ikusmiran jarri du Euskal Herriko zortzi seme-alaba gazteen etorkizuna.
Fiskala: Estatuko akusatzailea ez omen zen bere garaian pozik gelditu gazteei ezarri zitzaien neurriz kanpoko zigorrarekin eta urte gehiago eskatzen ditu… 50 urte nahiko izango ote dira? Gorroto delitua… gorrotoak sortzen duen gose asezina…
Epailea: Epaiketa Gelaren lehendakariak, justizia emaile gorenak, espero bezain ongi bete zuen bere lana. Gürtel kasutik baztertua. Urrezko domina izan zen harentzat. Merituaren Ordena Bereizgarri Zuriarekin. Espontaneoki eta oparoki kolaboratzeagatik.
Justizia Idazkaria: Preso politikorik ez dago. Gure eskubide estatua sendoa eta irmoa da.
Abokatua: Abokatuen Elkarte Librearentzat Altsasuko auziaren inguruan itzalak daude, errelato ofizialaren inguruan zalantza-arrastoak sumatzen dira. Inpartziala izateak gezurrik ez esatea suposatzen du, auzipetuen defentsarako garrantzizkoak diren argibideak ez ezkutatzea. Epaiketan irregulartasunak egon dira. Amaiera hasieratik idatzita zegoelako sentipena zegoen.
Gurasoak: Justiziaren esku batean balantza, bestean ezpata. Balantzaren bi plateretan muntaia eta erabilera. Ezpataren bi aho zorrotzetan gazteen etorkizuna eta senideen oinazea. 800 egun baino gehiago dagoeneko espetxean.
Egun batean eguzkia itzaliko da. Kolapsatuko da eta lurraren gainean eroriko da. Mundu gaixo hau desagertuko da izarren hautsetan. Epaiketa handia. Ordu hartan ageriko klarki haien maliziak. Haien bereizgarri zuriko urrezko dominak eter mugagabean galduko dira betiko, espontaneoki eta oparoki, haien gorrotoarekin batera.
Bego pena hau! Itzuliren naiz, bai!, berriz Euskal Herrirat! Bego urte hau! Etorriko naiz betikotz zure ondorat...!