Mikel Zaratek Ipuin antzeko alegi mingotsak lanaren hitzaurrean aitortu zuen bezala, liburua idazteko unean Lauaxeta izan zuen bultzalari eta gidari. Idazle hoberenek beren iturriak aipatzen dituzte. Kopiatzea eta aitortzea, eta kopiatuaren izena aipatzea, kopiatua izan denari omenaldi gozoa egitea da, bera maisutzat hartzen dugula aitortzea bezalakoa. Kontrakoa, gauza itsusia da. Plagioa. Besteen arima lapurtzea eta gurea balitz bezala mozorratzea, ihote garaian egonda ere, higuingarria da.
Mikel Zaratek Lauaxeta aipatu nahi izan zuen berarentzat idazle eredugarria zelako, denok, berarekin batera, berak maisutzat zuena ezagut genezan. Lauaxeta olerkaria izateaz gainera, alegigilea ere izan zen. Zaratek aipatzen ditu Larrosea eta txarria, Gaztaia ta katua… baina, bereziki, Udabarriko autorkuntza. Zaratek bere doinu berezkoa du, bere erritmoa, bere arima, eta beste baten lan batean oinarritu dela ozenki aldarrikatzen badu ere, zaila da sinesten, guztiz alegi pertsonalak baitira. Beste batzuek, berriz, haratusteljaleek, kontrakoa egiten dute: ixilarazten dute plagiatzen dutena, eta saiatzen dira, saiak baitira, hurkoak ere engainatzen.
Nire adiskide min Iñaki Billelabeitiari eta Jokin Elorriagari esker Mikel Zarate nor zen ezagutu nuen. Biak Zarateren ikasleak izan ziren Deustuko Apezetxean, eta beti hitz egin zidaten lilura osoz haien irakasle on izandako hartaz. Mikel Zarateren bitartez, eta Jon Kortazar Uriarte irakasleari esker, Mungiako olerkariarenganako amodioa sortu zitzaidan, eta Lauxetaren lanak hasi nintzen ezagutzen, irakurtzen eta eredutzat hartzen. Nire lagun bizkaitarren modura.
Eta irakurri nuen, ba, Arrats beran, eta Zaratek aholkaturiko alegia: “Din-dan, balendan, elixako atetan, gixon bat dilindan…”. Eta askoz ere lehenago idatziak izan ziren arren, lerro horien bitartez Altsasuko kanpaiak boleran irudikatu nituen, duela gutxi gertatu zenaren plagioa balitz bezala. Lehengo egunean ere berriro jo zuten; orain gure izekoren alde. Txan izan zen meza eman zuena. Ni jasaile.