Lehengo egunean Sam Peckinpah zinema zuzendariaren Straw Dogs (Lastozko Txakurrak) pelikularen remake bat ikusi ahal izan nuen telebistan. Gordon Williams idazlearen nobela batean oinarrituta dago. Liburua 1969koa da eta pelikula 1971koa, biak Vietnameko gerraren garai latzenetan eginak. Indotxinan, armadaren napalm eta gehiegikeriak. Amerikan, berriz, hippien mugimenduaren loreak eta Khrisnaren omenezko kantuak. Liburua eta pelikula indarkeriaz eta bake nahiaz ari dira, baina ez gerra baten testuinguruan, baizik eta gure herri arrunt eta aspertu batenean.
Iruñean pelikula estreinatu zenean, ume txiki bat baizik ez nintzen, baina gogoratzen dut oraindik Principe de Viana Zineman jarri zuten kartela: bertan Dustin Hoffman-en aurpegi serioa ikusten zen, jipoitu izan balute bezala, eta bere betaurrekoen bi kristaletako bat hautsita zeukan. Letra handitan hau irakur zitekeen: Lastozko Txakurrak. Gizon triste hura txakur batzuek erasotua izan zela zirudien. Halere, anai-arreba nagusien bidez jakin ahal izan nuen pelikulan ez zela txakurrik agertzen, ez lastozkorik, ezta hezur haragizkorik ere. Ez nuen ezer ere ulertzen.
Remake berriak gakoa ematen du, espresuki esaten baitu "lastozko txakurra" zer den: taoismoaren barneko esapide bat da, Lao-Tse filosofoak Kristo aurreko 600. urtean sortua. Antzinako Txina inperialean lastozko panpin hauek erabiltzen ziren jainkoei eskaintzeko sakrifizio modura.
Txakur amorratuak edozeinentzat beldurgarriak badira ere, jakintsuarentzat ez, lastozkoak balira bezala erabiltzen baititu. Taoismoaren filosofian jakintsuak jende zakarrarekin honela jokatu ohi du beti.
Jakintsuak ez du indarkeria onartzen, gizaki aberetuen jipoia jasan dezake, betaurrekoen kristalak apur diezazkiokete, barre eta irri egin diezaiokete, baina esnatzen da berak maite dituenak ikutzen badituzte eta haserretzen da urde zikinek beren portaerari behingoz uzten ez badiote. Jakintsuak orduan sakrifizioan eskaintzen ditu lastozko txakurrak bezala.