Urte osoko nekeak jasan ondoren udaren saria iritsi zaigu. Eguzkiaren garaiezinaren ospakizunaren saria. Suaren eta jaiaren garaiaren saria. Gure mendi eta ibarren handitasunaren saria.
Baina saririk handiena ez da naturak berez urtero ematen diguna, baizik eta gure jendeak eguneroko lanaren izerdiarekin ematen diguna. Paisaiak, ibaietako urak, zuhaitzen azpiko itzala eta atsedenerako aukera garrantzi handiko sariak diren arren, askoz ere handiagoak dira gure herritarrek urtean zehar ematen dizkigutenak.
Sari batzuk zinematografikoak dira (Gaztewood arrakastatsuan banatu direnak bezalakoak); beste batzuk, beste era batekoak, emozio mailakoak, musuak, besarkadak, gutaz gogoratzea, haiek ez ahanztea, maitatzea beti.
Sari literarioen artean, gogoratu behar da aurten Juanjo Olasagarre arbizuarrak poesiaren alorrean jaso duena, ikastolek Altsasun banatu dituzten irakurketa sustatzeko JUUL sariak edo berriki Etxarri Aranazko idazle Maria Markotegi literatur lehiaketan banatu direnak (513 lagunek parte hartu dute).
Herri hauetako ikastetxeak partaide izan dira: Altsasu (Zelandi Ikastetxe Publikoa, Iñigo Aritza ikastola, Koras Corazonistas eta Altsasu BHI), Urdiain, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Uharte Arakil, Olazti, Irurtzun, Arbizuko Ikastetxea eta Andra Mari ikastola. Haiekin batera, Koldo Arnanz irakasle, margolari eta gurasoaren Arte Eskola bera ere partaide izan da.
Baina guraso hitza entzutean aurten banatu diren "Altsasukoak aske" sariak etortzen zaizkit burura. Oihan, Jokin, Adur, Iñaki, Jonan, Julen eta Aratz herritik urrun dauden arren, oso presente egon ziren sarien banaketan. Haiek dira sari hauen sorreraren arrazoia eta arima. 36 lan aurkeztu ziren, 20 euskaraz eta 16 erdaraz eta asko Sakanatik etortzeaz gainera, Iruñetik, Leitzatik, Ezpeletatik, Donostiatik, Gasteiztik eta (Axularrek esango zuen bezala) "bertze anitz lekutatik" etorri ziren. Leku askotatik jaso zen herriaren sostengua eta elkartasuna. Horixe da saririk handiena. Udaren saria bera baino sariagoa.