Udako oporrak bukatu dira eta, berriz ere, bakoitza bere lanpostuan dago. Zintzo-zintzo. Batzuek hemen igaro dituzte udako egunak, beste batzuek atzerrian; adibidez, Grezian, harritzarrak ikusten. Harriak eta harriak ikusten dira non-nahi herri hartan. Zutabe gehienak erori dira, baina banaka batzuek zutik diraute, ezeri eutsi gabe, tarteka zeruko hodeiren bati ez bada. Nork igoko zituen bata bestearen gainetik? Haiexek ere harrijasotzaile itzelak izanen ziren (ez gureak bezain onak, noski!).
Baina orduko harriak jasotzen zituztenen artean bazen bat guztien gainetik nabaritzen zena: Sisifo, Korintoko erregea. Hura bai harrijasotzaile ederra!
Harriaren mundua ia ikusezina izan da menderen mendetan Iñaki Perurenak kirolen mailara igo duen arte. Baina, bera baino lehenago Sisifo izan zen harriaren kirolari ospea eman ziona.
Irailetik ekainera Sisifok errege bati zegozkion lanak egiten zituen: bidaiariak jo eta erasotu haien ondasunak lapurtzeko eta aberatsagoa bilakatzeko. Uztailean eta abuztuan oporretara joan ohi zen, atsedena hartzera. Zeus jainkoak hori ez zela bizimodua eta Sisifok kirolen bat egin behar zuela pentsatu zuen. Hori dela eta, harri jasotzea asmatu zuen, baita ona zela ikusi ere!
Sisifok, ordea, ez zuen hasiera batean kirol berri honen sorrera begi onez ikusi. Ez dugu inor engainatuko. Ez zuen horretan aritu nahi eta Tanatos entrenatzailea kateaz lotu zuen gimnasiora eraman ez zezan. Hades bera engainatu zuen eta gimnasiotik hanka egin zuen, denbora luzez bere emaztearekin betiereko oporretan biziz eta jaietan zeuden herri guztiak bisitatuz eta kalimotxoa edanez.
Baina iraila ailegatu zen eta Hadesek harrapatu zuen berriro, gimnasioaren bidea erakutsiz. Lana ez zen soilik harri esferikoa jasotzea, baizik eta mendi baten puntara igotzea; kaskora iristean bola botatzen zen beste isurialdera eta berriz ere igo behar zuen, berriro muinotik erortzeko eta jasotzeko berriro, honela ekaina arte. Orain Gabonetako oporrak noiz iritsiko diren pentsatzen ematen du eguna.