Udazkena denez gero, zutabe hau basoaren koloreen ñabardura berriei buruz idazteko asmoa nuen, Guaixeko adiskide guztiekin hostoen erorketaren edertasunak sortzen didan estasi poetikoa partekatzeko. Baina haize gaizto batek orbel guztia airatu eta, berriz ere, kartzelen ateen ondora eraman gaitu. Poesiak nekez bilatzen du leku bat gure egungo gizarte jipoitu honetan.
Biolentziarik gabe edozein gaiez hitz egin zitekeela zioten. Justiziaren aurrean denok berdinak ginela esaten zuten. Mendekurik ez zela egongo. Onartu behar genituen gure hutsak eta barkatuak izango ginateke, guk gure zordunei barkatzen dizkiegunez gero.
Gizarte libre batean bizi omen gara, nahi duguna pentsatzeko libre gara. Elizak, adibidez, pentsamenduen bidez pekatu egin daitekeela dio (hitzen, ekintzen eta omisioen bidez ere bai; hau da, egin behar dena ez egiteagatik). Baina gu, demokrazia batean bizi garenok, pentsamenduengatik ez gara jazarriak izaten, ez da pekatu, baldin eta pentsamendu horiek gauzatu nahi ez baditugu behintzat, zeren eta, orduan bai, izugarrizko zartakoa jasan dezakegu legeak agintzen duen indar osoarekin.
Venezuelako politiko preso guztiak, preso politikoak dira ezbairik gabe. Hango politikoen atxiloketa agintari gaiztoaren bortizkeriaren eta poterearen indarraren erabilera maltzurtzat hartzen dugu. Hemen, berriz, preso politikorik ez dago, politiko presoak baizik. Horiek preso politikoak direla pentsatzea ez da delitua, preso politiko horien alde jokatzen ez badugu. Gazte batzuk bidegabeki kartzelatuak eta gaizki epaituak izan direla pentsatzea ez da delitua, haien alde ekitea, berriz, bai. Justizia ez dela justizia pentsatzea ez da delitua, Justizia benetan justizia izan dadin egiturak aldatu nahi izatea, bai.
Halere, gogora dezagun: omisioagatik ere pekatu egin daiteke. Jesukristo bera kartzelatuta zeudenak bisitatzera joan zen, ez zituen ahaztu inolaz ere ez. Ez dezagun guk omisioagatik pekatu egin, eta pentsaketan librea dena, egin dezagun libre hitzetan eta ekintzetan ere bai.