Aurtengo Durangoko Azoka iragan da, ohi bezala, arrakasta handiz. Egun guztietan milaka lagunek bete dituzte hango gune guztiak, Landakokoa bereziki, non ez baitzen ezta orratzik ere sartzen.
Han erosleak, kuxkuxeroak, liburu eta disko saltzaileak, sortzaileak eta itzultzaileak, denak bertan bildu dira, argitaletxe indartsuak eta apalak, irakurleak, artistak, komikilariak, euskal star system-eko idazle eta musikari ezagunenak eta autoediziora jo behar izan duten idazle ezezagunak ere bai. Denek izan dute beren lekua, denek partekatu ahal izan dute beren denbora; izan ere, hori da azokak duen altxorrik preziatuena, denbora elkarrena egitea, egilearen eta publikoaren arteko kontaktu zuzena. Irakurlea egilearekin bat da, bitartekaririk gabe, naturaltasun osoz. Noizbait eszkenatokitik ehun metrora entzun zenuen zure gogoko kantariaren besarkada jasan dezakezu.
Landakotik landa, jendetza ere badago egun osoan, kultur guneetan, kaleetan bertan, baina eguneko jarduna bukatzen delarik, zenbait lekuk xarma berezia hartzen dute. Tenore horretan, eta hotzari aurre eginez, jendeak segitzen du literaturaz, musikaz eta artez hitz egiten tabernetako ateen ondoan (Palentinorenetan, adibidez), barruan ez baitago gehiagorentzat lekurik. Ardo kopa bat eskuan, azken argitalpenak aipatzen dira, zein izan den eguneko libururik salduena, nor ikusi duzun gaur, nor ez den aurten etorri. HuUrrupaldia bukatu ondoren, afaltzera, eta gero lo egitera, bihar berriro goiz-goizetik mahaian egon behar delako azokari bizitza emateko.
Durangoko Azoka txiki bat egin dezagun urte osoan zehar gure herrietako liburu denda eta liburutegietan, aurrez aurreko harremana zainduz, zeren eta e-book bat Internetetik jaistea edota haren bitartez euskal kulturaren azken liburua erostea zilegi baita, baina benetan gure kultura sustatu nahi badugu, hobe da liburu saltzaileei zuzenean erostea eta haien aholkuak kontuan hartzea, liburu dendaren usaina aditzen dugun bitartean.