Kurtso hasieran ez nekien zer egin, ikasturte osoa aurrean neukan eta hamaika mila proiektu metatzen zitzaizkidan nire burmuin ameslarian. Buridanen astoaren antzera ez nekien zein aldetara jo, aukera guztiak erakargarriak zirelako. Baina, azkenean, Jangoikoaren manamenduen antzera bitan laburbildu ziren aukera horiek guztiak: edo gimnasiora joatea edo ingelesa ikastea. Biak ala biak aukera onak ziren, XX. mendeko auto klasikoen bilduma faszikuluetan egitea baino askoz ere hobeak. Hala eta guztiz ere, azkenean ez nuen ezer ere egin, gauzak lasaiago pentsatu behar zirela erabaki nuen eta.
Orain, berriz, otsaileko azterketak pasa direlarik eta ikasturtearen bigarren seihilekoa estreinatu gabe dagoelarik, zirt edo zart egiteko unea iritsi dela ulertu dut. Badakizue, gauzak geroko uzteak kalte handiak dakartza, Axularren esana da (eta berea baino gehiago, Ecclesiastesena): "Ne tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem". Gainera, gauzak gehiago atzeratuz gero, berriz ere irailean aurkitu ahal dugu geure burua, kurtso berri baten atarian eta, oraindik ere, betiko zalantzekin... Beraz... "Hordago handira!" Bietan apuntatu naiz: gimnasioan eta ingeles klaseetan. Ordaindu dut batean eta bestean, baina oraindik ez naiz ez batera eta ez bestera joan, motibazioa guztiz galdu baitut.
Espero dut zuek nire egoera ulertzea: joan den astean hastekoa nintzen ingeles klasean, baina izugarrizko disgustua eraman nuen BREXIT-arekin. Ez nuen uste inoiz ere gauzatuko zenik. Zertarako ingelesa ikasi ingelesik ez badago? Europako zein herrialdek du ingelesa ofizialtzat Bretainia Handiaz landa? Gogora dezagun Irlandak gaelikoa hautatu zuela hizkuntz ofizialtzat Europako Parlamentuan eta hori bera dela Ipar Irlandan eta Eskozian solastu eta sustatzen dutena. Gurean, gainera, EHXIT-a ez dago modan, Espainiako epaitegiak justuak ez diren bitartean Europakoak ditugu berme bakarra. Eta motibaziorik gabe, aldapaz gora egiten zait gimnasiora joatea.