Txori batek zerua zeharkatzen du kirola egitera atera direnen buruen gainean. Erreken eta soroen gainetik, Beriain mendia imajinatzen dut, nire etxetik, askatasunean. Eta haitzaren eta uraren erreinuan piramide handi horretatik harroturik ibarrera jaisten diren ur-jauziak irudikatzen ditut.
Umeen barre algarak entzuten ditut kalearen beste aldean. Beren gurasoren batekin daude eta jolasean ari dira pilota txiki batekin. Etxeratzeko ordua dutela pentsatu dut, dagoeneko ilargia eta eguzkia batera ikusten baitira hodeiez beteriko zeruan. Kilkerrak hasi dira kantatzen, haizea nire aurpegian sentitzen dut.
Egunaren azken eguzki izpi txikiak nire balkoiraino ailegatzen dira eta maite-maite egiten didate azalean. Konfinatua nago, eta hala ere familia dut ondoan, erosketak egitera joan naiteke, zakarra zakarrontzira eraman dezaket, txakurrarekin paseatzera atera naiteke, mugi naiteke leku batetik bestera kirola egitera, nahiz eta normalean kirolik ez egin.
Eta orduan, haien irudia etortzen zait burura. Duela bi urtez konfinatuta daude. Ezin dira dauden lekutik mugitu ezta zakarra zakarrontzira botatzeko ere. Ezin dira balkoira atera eguzki izpi batez gozatzeko, balkoirik ere ez dutelako, kasurik onenean barroteez beteriko leihatila zikin bat. Ezin diote paseo bat eman beren txakurrari. Ezin dituzte anai-arreba txikiak parkera atera. Ezin dute aitona edo amona zaindu. Ezin dute bisitarik izan.
Lehen garrantzirik gabeko gauzarik sinpleena iruditzen zitzaiguna ezinbestekotzat jotzen dugu gaur. Konfinamenduko hainbat egunen ondoren nekea guztioi nagusitzen zaigun arren, haiengandik zer ikasia dugu.
Sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik beren burmuinetan lainotzen hasiak zeuden paisaiak berandu baino lehen berreskuratuko dituztela badakite eta barne-barnean gordetzen dituzten ametsek beste egun bat gehiago itxialdian eusteko adina indar ematen diete.
Errepika ditzatela eliz dorreko ezkilak haien omenez, atera daitezela fanfarreak kalera..! Aurrera goaz, inork ez gaitu geldituko!!!