Lehengo egunean, Nafarroako Foru Aldundiak Francoren garaian argitaratzen zuen "Príncipe de Viana" aldizkariari buruzko ohar batean Juan Goikoetxea Zabalo, berrogei urtez Arbizuko erretore izan zena, aipatu zen.
Askotan entzuna nuen garrantzi handiko gizona izan zela eta denek bereziki maitatua, ez soilik bere eliztiarren artean, baizik eta inoiz ere elizan oin bat finkatzen ez zutenen artean ere. Izan ere, bere balio anitzen artean, ba omen zen bat fedegabeek ere txalotzen eta goraipatzen zutena, alegia, Arbizun euskara salbatu eta indartsu mantendu zuela.
Hori da herriak eskertu diona, alde batekoek, zein bestekoek. Eta iritzi hau sustatzeko behin baino gehiagotan aditu dut berak esaten omen zuela (bere idazki gehienak sinatu gabe ematen baitzituen), berak jokatu zuen bezala besteek jokatu izan balute, euskara ez zela ahulduko (ezta galduko ere) Sakanako hainbat herritan.
Bai, gauza jakina da apaizek garrantzia handia izan zutela euskararen sustapenean, baina, Don Juani ez zaio bere meritua aitortu behar soilik horregatik edo lau haizeetara aldarrikatzeagatik euskaraz "erderaz bezein ongi ta obeki ta gozoago esan ditezkela egi ederrenak" (Benito Ijurrak Arbizu aldizkarian jaso zuen bezala), izan ere beste apaiz batzuk izan dira antzeko gauzak esan dituztenak, eta horretan ere Satrustegi zen maisu, baina Don Juanen benetako garrantzia beste leku batean bilatu beharko genuke, alegia, erakustean zein unetan eta zein baldintzetan izan zen euskaltzalea eta zer arriskatzen zuen horregatik.
Gauza jakina da (Don Marino Aierrak bere liburuan hala erakutsi zuelako) Nafarroako elizak Molarekin eta Soltxaga Jeneralarekin ezin hautsizko lotura zuela. Don Juanen eliztiar asko gerran galtzaile atera ziren. Jazarriak izan ziren batzuk, beste batzuk lurperatu gabe soroetan utziak besteentzat eskarmentua izan zitezen. Zaila da egoera latz batean ardi guztien alde agertzea, ahulenen alde bereziki, baina hala gertatzen delarik hortan bai datzala artzain on baten benetako meritua.