Betidanik gorroto izan dut ikustea abuztuaren erdian, uda beroko egun sargorienetan, kartel bat megadenda horietako batean hauxe esanez: "La Rentrée" edo "La Vuelta al Cole", alegia, "Eskolara bueltatzea". Beti sentitu izan dut sentsazio txar bat, igande arratsalde batean senti dezakedana baino makurragoa, baina aurtengoa beste uda batzuetan sentitu dudana baino askoz bortitzagoa izan da COVID-19 maltzurra dela zio.
Inoiz ez bezalako erronka baten aurrean gaude. Dena da berria, ez dakigu zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan, pandemiak atzera egingo duen edo ez, bera kontrolatzen jakingo ote dugun, eta alertan egon behar dugu denok. Bizkor-bizkor ibili behar dugu denok, eta segurtasun neurriak inoiz baino gehiago gorde behar ditugu.
Kurtso berri baten aurrean gaude. Gaixotasuna hor dago, ez da desagertu eta ez du ematen hain erraz desagertuko denik, baina bizitza aurrera doa. Bai, beste gauza asko daude munduan gaixotasunaz aparte, eta gauza horiek ere kontuan hartu behar ditugu, gaixotasunak arazo horiek guztiak desitxuratu eta estali gabe. Horretan ere, adi egon behar dugu.
Medietatik zurrunbilo eta zarata asko iristen zaigu. Batzuetan gaixotasunik egongo ez balitz bezala aritu dira, turismoa errazteko; beste batzuetan gaixotasunaz hitz egin dute etengabe errege lapurraren ihesaldia estaltzeko edo Unai Etxeberria Granadako Futbol taldeko atezainaren kaleratze fulminantearen aurkako kritikak isilarazteko. Beraz, adi eta erne.
Bukatzeko, hau izan da batzuentzat Bibliako zigor jainkotiar baten modukoa. Dena dela, zigor biblikoa bada, huraxe ekidin daiteke. Izan ere, Jaungoikoak Lot gaixoari gizon justuren bat aurkitzeko eskatu zion zigorra kentzearen truke; ageri denez, ez zuen arrakasta handirik izan; baina Jon Kortazar Uriarte irakasleak gogoratzen digunez, Gabriel Arestik ere gizon justu bat bilatu nahi izan zuen Bilbon gure kultura salbatzeko. Zuzenak eta kontzienteak izan gaitezen, eta gure gaitz honen aurkako txertorik indartsuena aurkituko dugu. Ez zalantzarik izan.