Gezurra da nagusi Trumpen ahoan, baina asko dira haren esanak sinesten dituztenak, benetan egia zein den jakin gabe bizi nahiago dutenak. Faltsuen eskutik gezurraren inperioa gailentzen ari dela emango luke, ugaria baita fake, propaganda eta manipulazioa. Baina gure esku dago Goebblesen itzalaren aurka borrokatzea, zenbaitetan oso gogorra eta arazo iturri izan daitekeen arren.
Gezurtiarekin bat ez datorrenak difamazioa eta bazterketa pairatuko ditu, gezurtiek egia bahitu eta gezurra haren lekuan jarri nahi dutelako. Horregatik egiazaleak haien etsairik handienak dira, beren gezurren manipulazioa salatzen dutelako eta, agian, beren ideiez kutsaturik, baten batek haiei aditu eta sinets diezaiekeelako.
Gezurtien jardunean beti besteek dute errua; besteak dira arazo guztien iturburu; egiazaleek egin ditzaketen gauza on guztiak desitxuratzen dituzte txarrak direla sinistarazteraino.
Zenbat eta handiagoa izan konbentzitu beharreko masa, orduan eta sinpleagoak dira haien gezurrak, gehiegi pentsatu nahi ez dutenentzat mintzo baitira; eta behin eta berriz errepikatzen diete haien gezur jarioa, hura barneratu eta egiatzat har dezaten.
Gezur berriak asmatzen ari dira etengabe ganoragabe guztiak egiazaleen aurka altxa daitezen. Eta errealitateak argi eta garbi erakusten badu gezurretan ari direla, azalpen edo interpretazio engainagarriak asma ditzakete; sinesgarriak baldin badira, egokiak dira manipulatu nahi duenarentzat.
Egiaren kontra egiteko argudiorik ez dutenean, isilarazten dute egia, edo beren komunikabideak erabiltzen dituzte bera zapuztu eta zikintzeko, Jangoikoak zerutik botere osoa eman omen baitie eta horrekin ados ez dagoena kriminal arriskutsua da, kartzela merezi duena.
Aniztasunaren etsaiak dira eta aho batez erabaki dute oker gaudela. Bakarrik gaudela sentiarazi nahi digute. Baina jai dute gurekin. Gezur bat hamaika aldiz errepikatu arren, gezurra izaten jarraitzen du, eta ez da inoiz ere egia bilakatuko.