Altsasuko gertakariei buruzko serie bat hasi da ETB1-en. Lehenengo kapitulua besterik ez zutela eman eta berehalaxe eskuinak geldiarazi nahi izan zuen, (bulego, kaserna eta) epaitegietan ehundu duten egiarekin bat ez datorrelako. Hala eta guztiz ere, asko dira auzitegien inpartzialtasuna, zuzentasuna eta justizia zalantzan jartzen dutenak, haien artean, Estrasburgoko Auzitegia bera, hemengo epaiak baliogabetzen dituena.
Pako Aristi idazleak gutun bat bidali die berriki auzitegiko epaile gorenei esanez ez duela parte hartu nahi haien sisteman, ez epaimahai baten zinpeko bezala, ez bestela ere; alde batetik, justiziak euskarari begirune gutxi diolako (eta horregatik erdaraz idatzi behar izan du), eta beste alde batetik, jende xeheari ere begirunerik ez diolako (izan ere, jakin badaki bere gutunak zakarrontzian bukatuko duela).
Idazlearen esanetan, epaitegiak elite ekonomiko eta politikoak babesten dituen erakunde bat da, herritar behartsuenak jazartzen dituena. Epaitegietan amaitzen dutenak berdintasunik ezak jotako pertsonak dira eta, aldiz, kartzela inoiz zanpatuko ez dutenak erregeak eta goi gizarteko aberaskumeak dira.
Miresten dituen pertsona asko egon dira kartzelan, haien artean, Gandhi, Mandela, Wilde, Luther King, Guevara, Bertrand Russell, Galeano, Benedetti... eta beste jende hurbilago eta maiteagoa ere bai. Altsasun bezala.
Nork sinetsiko du egia ofiziala, epaia eman baino lehen kondenatuta baldin bazeuden? Nork sinetsiko dio epaileari, epaile izateaz gainera, partea ere bada?
Egiaren bideari jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, gertatu zena gogoan hartzea.
Berdin da egiaren defentsaren bide honetan buruan pilotakada bat jasotzen badugu eta belaunikatzera behartzen bagaitu, Olaizolak bezala burua bi eskuez jaso eta lurrera erori gabe altxatzen jakin behar dugu, bai eta sufritzen eta borrokatzen ere, galtzeko beharbada; baina, agian, lan egiten badugu eta saiatzen bagara, irabazi ere egin genezake, Arbizuko Ezkurdiak eta Etxeberriko Martijak maisuki egin
duten bezala.