Ergoienako jentilak

Erabiltzailearen aurpegia

Ollideko jentila burumakur doa arbasoen aldarera daraman bidexkatik, bizkarrean esnez beteriko ontzi astun bat duela. Alabak atzetik jarraitzen dio, eskuan lore batzuk ditu eta begirada tristea. Ama hil da, eta lautada honetan, itsas mailatik 1000 metrora baino gehiagora, haizeak jotzen du errukigabe eta elorriak orratzak bezala sartzen dira haien oin biluzietan, hemengo harri zorrotzen ertzetara ohituak. Harkaitzetatik orkatz talde batek bi jentilen mugimenduak zelatatzen ditu.

Bidean, neskatiloak bere larruzko zahatoa betetzen du ur bedeinkatuaz Arrangarte ondoko idoian. Aldareko ermita txikira iritsita, aita-alabak belauniko, amaren arimaren alde otoitz egiten dute Amandre Mari eta arbaso jainkotiarren aurrean, zeinek jentilak bizirik daudelarik arrisku eta ekaitzetatik babestu eta hiltzean haien arimak zaintzen dituzten. Esne ontzia aldare gainean utzi eskaintza bezala eta tximiniara hurbiltzen dira txilarra eta mandragora erretzera amaren omenez. Geroxeago, belarren errautsak hartu eta tontorrera igotzen dira, begirada Baiza eta Beriain erraldoien artean galtzen duten bitartean. Ondoren, txilarraren, artemisaren eta mandragoraren errautsak zabaltzen dituzte Ergoienako zeruan.

Aitak, orduan, maitasunez hitz egiten dio alabari, eta malkoak xukatzeko esan ere bai; ama jainkosa bilakatu da eta zaindari bat gehiago dute orain etxean. Ollideko bost gailurren arkupetik ikusten den sakanaren edertasunaz gozatuz, handik hegan ibiliko da ama hodei baten gainean. Eta berak gure agureak hainbeste beldurtzen zituen Kixmiren etorrera gure goi lurretaraino heltzea eragotziko du. 
Halako batean, Tximua lezetik edo, garraxiak aditzen dira. Harriturik jaisten dira biak hotsa datorren lekurantz, eta hara non ikusten dituzten gizon batzuk zilar koloreko armaduraz eta kaskoz jantzita, eta zartailuak eta ezpatak astinduz esklabo gizajo batzuk, Zunbeltzetik Zalbidera, atsedenik gabe, lurrean harlauzak jartzera behartzen dituztela. Ai, ama! –esaten du neskatilak– Kixmirengandik gorde gaitzazu!