Bazterretik

Arruazutik dator notizia

Erabiltzailearen aurpegia

Uda albiste kezkagarriez beterik iritsi zaigu. Balear Uharteetan protesta ugari egon dira buruarineko gazte andana bat bost izarretako hotel batean “bahitu” dutelako birusa zabal ez zezaten. Madrilen, berriz, erizain bati lehertu diote begia, pandillero bati metroan musukoa eraman zezan eskatzeagatik. Alemanian aldaketa klimatikoak uholdeak eragin ditu pandemiaren kalteak areagotuz. Kuban bosgarren olatuak eta blokeoak miseria eta gosea ekarri dituzte. Espainian gizon batek emakumea erail du…

Zerrenda luza nezake oraindik ere, baina soilik bat gehiago gaineratuko dut, hau ere makurra… txakur amorratuen modura, giza talde batek Samuel gazteari egin dion eraso homofoboarena. Altsasuko gertaerekin konparatzen badugu, oso trataera ezberdina izan du berriak. Batean, 
argazkiak, izenak eta guzti hasiera-hasieratik argitara eman ziren, eta aldez aurretik epaiketa publikoa egin zitzaien erruduntzat joaz, defentsarako aukerarik eman gabe. Oraingo kasu honetan, berriz, bestela jokatu dute. Ez dago gaizki...

Horregatik, hainbeste berri txarren artean, Arruazuko herriak Tomas Ganboa Argiñeneko ezkila jotzaileari egin dion omenaldiak argi propioarekin distiratzen du. 

Berri guztiz ona da, ez soilik bere bizitza osoko lanagatik omendu zaiolako, baizik eta eguneroko bizitzarako emaniko irakaspenak ere eskertu zaizkiolako. Honela, ezkila jotzean bezala, gizarte on bat eraikitzean gure harremanen sokak ongi jartzen ikasi behar dugu, sokak beren neurrian tenkatzen jakinik, ez gehiago ez gutxiago, indarrik egin gabe. Bizitzan lana ongi egitea kosta egiten dela dio, denbora eta dedikazio gehiago eskatzen du, baina horrela bakarrik lortzen da ezkilari bere soinurik ederrenak ateratzea, eta jakin behar dugu gure bizitzen soinu propioak sortzen, inoren soinuak ixilarazi gabe.

Tomas Ganboak bere kanpaien danbatekoekin espazioa bete du urteetan eta, honela, gaiztaginak eta elkartasun hitzaren esanahia ulertzen ez dutenak uxatu ditu, mundu hobeago baten loreak, bere etxeko balkoian bezala, gure bihotzetan ereiten.