Bazterretik

Maiatza, lorez beterik

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2022ko mai. 16a, 10:10

Apirileko azken larunbatean Santa Marinara igo ginen bihotz maitatu haren omenez, eta handik, Bargako aldapa malkartsuetatik eta Urbasako lur sakratu haietatik, urtzia zeru bilakatzen den leku berean, gogoan izan genituen haren ondoan bizi izan genituen egun zoriontsuak. 

Ekialderago, paisaian zulo handi bat marrazten duten Bakaikuko haitzak ikusi genituen, eta nolabait zirrara sorrarazi ziguten, noizbait guk ere gure denboraren amaieran gainditu beharko dugun azken hutsunearen alegoria balira bezala.

Handik astebetera, lur hauek bizitzaz eta oroitzapenez bete dira berriro, neguaren lozorrotik esnatu eta berriro loratzen ari den bizitzari esker ona adierazteko. Bizitzaren garaipena heriotzaren gainetik. Enbor biluziaren garaipena, ebaki eta eraitsi ondoren bizitzara itzultzen den enborrarena. Adar berriak sortu zaizkio maiatzari eta zutik harro dago bere mendian Sakana osoa bere oinetan izanik, Etxarrikoa Baizako pagaditik hartua, Bakaikukoa Idoitxarretik ekarria Hartzabalera, Ziordikoa Bargagainen jarria txara bat mozturik, Iturmendikoa kintoek menditik herriko plazaren erdira eramana, lurraren barne-barnetik sortu den inazturea balitz bezala. 

Sardez, eskailerez eta sokaz lagundurik berriz ere lurretik jasotzen dute, arrano beltzak babesten duen eta ur berria etengabe darion iturriaren ondoan, eta bere itzalpean gazteak hasten dira dantzan eta denok biltzen gara auzatean, eta etxeko txorizoa ematen digute, eta gazta, eta ardorik hoberena.

Zikloa berriz osatuko da, eta behin 1366an Peru de Mayaça etxarriarrak egin zuen (eta Carasatorrek eta Arzamendik jaso zuten) bezala, beste gizon-emakumeek, beste eskuek, urtero bezala menderen mendetan, zerura iritsiko diren enbor garaienak, ederrenak eta zuzenenak altxatzen jarraituko dute. 
Urtero botatzen eta urtero altxatzen den pagoa gara, moztu ondoren berpizten dena, eta jaiotze berri horrek pozez betetzen gaitu, Urdiaingo Sabas Agirrek On Jose Maria Satrustegiri jakinarazi zion poz berberaz: "Urteak hil bi ditu alegererik, maietz, apiribila, loraz beterik".