Gaur gauean, izpiritu gaizto guztiak erreko ditu gure suak. Sua suaren kontra, etxea erre baitzaigu egun hauetan su txar batek eraginda. Suteak ezintasuna zabaldu du gurean. Jendea beren etxeetatik atera da beldurrez. Paisaia erreta ikusteak dolua dakar eta samingarria da guztiz.
Beraz, aurten gure sua beste su hori itzaltzera etorriko da. Gure suak elkartasunezko garrak ditu eta gure bihotzetatik sortzen da, eta gure herriaren auzolanaren abarrekin elikatua izanik, ez du mendia erretzen, uzta lorarazten baizik. San Juan bezpera honetan, sorginak batuko dira akelarrean eta erne egongo dira beren su garbitzailearekin su errausleari aurpegia emateko. Erne egoteko beharra baitago, bai, era askotako suak piztu daitezkeelako edozein unetan gure inguruan, batzuk fisikoak, baina beste batzuk gaiztakeriak eragindakoak.
Esoporen igelen alegian bezala, bai Europa eta Afrika elkartzen diren urruneko lurretan, bai eta Pirinioetako iparraldeko lurretan ere, herriak Zeusi errege bat eskatu dio, eta berak, bere ontasun mugagabean, beren nahia bete du egur-puska bat bidaliz erregetzat, baina suge igel jalea ere bidaltzekotan egon da. Hegoaldeko suge beltzari ahotik sua dario, eta iparraldeko suge bilo horiari, irri faltsua. Batak hamalau igel lortu ditu bere urmaelean, zituenak baino bi gehiago, eta besteak laurogeita bederatzi, zituenak baino hamaika aldiz gehiago.
Suge beltza amorratuta dago, negarrari eutsi ezinik, botere gehiago nahi baitzuen lortu; suge bilo horia, aldiz, pozik dago bere urmaeleko erregina izatetik inoiz baino hurbilago baitago. Eta bere igel ergelak, berak noizbait jango dituenak, pozik ere badaude korroka eginez putzuaren erdian. Sua zabaldu nahi dute su egileek, sugeek. Ahalko balute, gure lur guztiak erraustu ondoren, igelak banan-banan jaten hasiko lirateke gustura, baina gu lehenengoak jango gintuzkete, lehenago haien su ustela itzaltzen ez badugu. Horregatik gure sorginak behar ditugu, gaur, bezpera honetan, sugetzar guztietatik defenda gaitzaten.