Udan gaude, jaietako garaian. Zabal dezagun gure festa-nahia gure kaleetara Bako eta Dioniso jainkoei beren leku gorena emanez, baina ahantzi gabe Minervari kulturaren aldeko borrokan eman behar zaion lekua, Sarako Etxeberrik aholkatu zigun bezala.
Balia gaitezen euskaraz hitz egiteko, irakurtzeko eta idazteko, eta egin ditzagun geure Idoia Granizo bertsolari eta idazlearen hitzak: «Idaztea amets egitea da… gazteak gara eta idazleak!», Sakanan idazle gazte onak baitaude, etorkizun oparoa ziurtatuta dutenak (Etxarriko Izane Mendiburu, Uxuri Mendiburu, Irati Loiarte, Julene Orella eta Ane Ixurko, Arbizuko Ondatz Reparaz, Altsasuko Irati Landa, Bakaikuko Aiara Ondarra, Iturmendiko Tania Otero, guztiak aurtengo Maria Markotegi sariaren irabazleak).
Izen horiei oraingo idazleak (Olasagarre, Suarez) eta Joxemiel Bidadorrek landu zituen lehengo garaietakoak gehitu behar zaizkie, besteak beste: Inozenzio Aierbe, Blas Alegria, Biktoriano Huizi, Jesus Flores, Santiago Ezkerra, Felipe Araña eta Bidador bera, gaztetan Altsasuko Kaputxinoetan ikasia eta Guaixe eta Bierrik Elkartearekin kolaboratzen zuena.
Eta jaietan edo palmondo baten azpian, itsasertzean edo mendi tontor baten gainean, erabili euskara, lotsatu gabe, eta egizu noizbait, XIV. mendean, Sanchiz de Yereiz (Iturmendiko Ereitz, Jabier Sainzen iritziz), Domingo d'Aranas eta Johan d'Araquil sakandarrek egiten zuten bezala euskara Erriberara eraman zutenean.
Eta bero handiegia egiten badu, herriko liburutegira joan edo artxiboetara, galdutako dokumentuak aurkitzera, hala nola Uharte-Arakilgo Udal Artxiboan galdu zen XV. mendeko bat Lizarra eta Jakako Foruei buruz, Ricardo Zierbide Tafallako irakasle zenak aurkitu nahi zuena eta, horren ordez, Etxarri-Aranatzen bere abizen bereko leku bat ezagutu zuena: Zierbide (zehar + bide, "bihurgunedun bidea" Jose Luis Erdoziaren arabera).
Izango ote zara zu, uda honetan, bide bihurri edo zuzenetik, artxibo batean galdutako agiri bat aurkituko duena, edo poema bat paper zuri batean, edo abentura bat liburu batean?