Bazterretik

Gonzalez Aziluren arrano beltza

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2022ko ira. 26a, 10:03

1200, 1332, 1379… 1512… 1609, 1789, 1794… 1839, 1878… 1931, 1937, 1966, 1971... eta "1975" esan ondoren Iruñeko Gayarre Antzokian minutu bateko ixilunea gorde zen. Madrileko kazetariek esan zuten bezala: "tentsio emozionala nabarmena zen antzokian". Izan ere, Arrano Beltza obra koralaren estreinaldian, antzokia bete-beteta zegoen. Ez zen orratz bat bera ere kabitzen. Hasi eta berehala, Iruñeko Ganbarako Abesbatzako Munarriz jaunaren aurkezpen hitzen ondoren, debekatuta zegoen ikurrin handi-handi bat zabaldu zen anfiteatroan. 

1977ko urtarrilaren 11 zen eta Arrano Beltzarekin joan ginen, joan, nafarrak Gayarre Antzokira Gonzalez Azilu altsasuarraren maisulana entzutera, eta Josean Artze "Hartzabal" olerkariaren mezuaz jabeturik, eta itotzen gintuzten kateak hausteko asmo sendoarekin, itzuli ginen etxera. 

Joan den astean Altsasuko jaietan izan nintzen eta Gonzalez Aziluren etxe ondotik pasatzean, buruhandien botxintxak eta txarangen musikek orduko garai haietan bizitakoa ekarri zidaten burura eta egun haietan gertatukoaz idatzi zena irakurtzera eraman ninduen.

Gonzalez Aziluren kontzertu hartakoak Etxarri Aranatzen egin behar zen euskal alkateen bilkuraren aurreko egunak ziren. Sakanara 176 alkate etorri behar ziren, 70 nafar, 50 gipuzkoar, 42 bizkaitar, 14 arabar (horietako 2 Trebiñokoak). Errepide guztiak kontrolez beteta zeuden, autobus eta auto guztiak buelta ematera behartuz. Auto iladak 40 kilometrokoak izan ziren. Gasteiztik Altsasuraino, Iruñetik Arbizuraino, bidea guztiz kolapsatuta zegoen. 

Etxarriko orduko alkate Javier Mauleon jaunak komunikatu bat irakurri zuen Amnistia, euskara ofiziala Euskal Herri osoan, ikurrinaren legalizazioa eta Euskal Estatutua eskatuz Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabarentzat. 

Etxarrira iristerik izan ez zutenak inguruko herri, mendi eta zelaietan manifestatu ziren eta Arrano Beltzaren hegalen itzalaren babesaren promesean, berriro ere ez geniekeela sartzen utziko, ez genukeela inoiz ere gehiago hartuko eta leihatila ixten behingoz ikasiko genukeela zin eginik, Euskal Herri bateratu eta libre batekin egin genuen amets.