Irulegiko eskua, euskal hitz garbi bat dakarrena, eta ulertzen ez diren hitzen segida iluna. Nire lagun batek esan didanez, "nik lehenengo lerroko sorioneku durduzagarri hori izan ezik, ez dut euskararen arrastorik ikusten. Iberikoaren itxura du" Ez dakit; ni ez nator bat nire lagunarekin, dena baitago, nire ustez, irakurtzen dugun moduaren mende. Aranzadik plazaratu duen transkripzioa oso ona da, lehenengoa da, baina ez da azkena izango.
Izan ere, har dezagun zorioneko sorioneku hitza eta onar dezagun zorioneko dela, eta hala dela onartzea erraza da euskal sena txikiena baldin badugu eta guztiz euskararen kontra ez bagaude, zeren eta ematen baitu poza eman ordez, zenbaiti mina ematen diela euskara zaharraren testigantzak aurkitzeak. Eman dezagun, beraz, hala dela, orduan horrek esan nahiko luke s grafia dagoen guztietan z batez ordezka dezakegula, eta, bai, Aranzadik zabaldu duen transkripzioan eseakarri hitza dugu, gure erregelak ezarriz, ezeakarri bezala irakur liteke. Bestalde, Martinetek eta Mitxelenak proposatu zuten bezala, euskara zaharrak (protoeuskara deitua izan denak) bi kontsonante sail zituen, bat kontsonante lenez edo beste bat fortez osatua eta testuinguruaren arabera, segun non kokatuta zegoen kontsonantea hitzaren barruan lene edo forte izan zitekeen; eseakarri hitzaren testuingurua zein zen ez dakigu eta, agian, bi hitzen baturaren lekuan zegoen eta, orduan, bere kokapena fortea zen eta etzeakarri berridatzi beharko genuke (edo ez zeakarri). Bestalde, ka hori ga bezala irakur daiteke, eta orduan ezeagarri izango genuke. Bestalde, euskara zaharrak hasperenketa bazuen, eta iberiar alfabetoak ez, eta kasualitatez hemen hasperenketa bat balego ezeakharri, ezehagarri edo beste izan genezake. Nik ez dut ezer ulertzen, baina irakurketa hau: "Zorioneku, Denekbehekirraderren otirretan hezeagarri erraukon", ondoko segida hau bezain zilegi da eta ez du itxura iberiarrik: s o r i o n e ku {n} / te n e ke be e ki ŕ a te ŕ e[n] / o T i ŕ ta n . e s e a ka ŕ i / e ŕ a u ko n”.