Azken aldi honetan Irulegiko eskuaren distira itzali dela dirudi. Hasierako poz hura atzean utzi eta jendea bere zereginetara itzuli da. Lana, gerra, bizitzaren garestitzea, hotza… elurra eta guzti egin du. Urte berriko ur goienak eta barrenak urrun gelditu zaizkigu eta hemendik Aste Santuko oporrak arteko maldan jai gutxi ikusten ditugu. Jendea eskuaz ahaztu dela eta jada Sorionekua ez dela emango luke, tristurak harrapatu gaituela.
Eta hala eta guztiz ere, Bizkaiko Euskal Filologo Taldea osatzen duten Joseba Butroe, Jokin De Pedro, Juan Manuel Etxebarria, Alberto Mardones eta Pilare Baraiazarra ilusioz ari dira oraindik. Ez dute eskua ahantzi eta Alea aldizkari digitaletik zorion mezu hau helarazten digute:
"Zorion ukan denak hemen haiekin dira aterpen, hots irri eta musu, ez ahakarri eraduki on".
Bizkaitarrek "T" itxurako grafika baskonikoa, Eduardo Orduña Aznarren moduan, "ts" afrikatu moduan irakurtzen dute, eta oTir’tan "hots irri eta m-" bezala ulertzen dute. Nik, berriz, "T" itxurako grafia baskonikoa "Nb" sudurkari talde baten ordez dagoela uste dut, eta hauxe da nire irakurketa:
"Zorioneku den ek- behegir ate (hu)rren, on birretan etse a garri erhaukon".
Kasualitatea izango da, baina kasualitate ederra ate batean zegoen esku bat izatea, eta testuan erraz ate eta etxe antzematea. Kasualitatea da begira(tu) antzeko aditz bat agertzea (zenbait lekutan babes(tu) adierarekin erabiltzen dena). Kasualitatea, aterren ‘ate hurren’ formaren antzekoa izatea. Zorionekoa, atera hurreratzen dena babes bila. Birritan zorionekoa etxean babesa aurkitzen duena. Kasualitatea oTir´tan "on birretan" irakurri ahal izatea. Kasualitatea, etxe -a, etxe hau. Kasualitatea, garri hitzak berak Orotariko Euskal Hiztegiko 3. azepzioan "merezi izatea" esanahia edukitzea (Jauna, zu bai zara nor etxe honetan sartzeko). Kasualitatea, erhaukon "derauko" (dio) adizkitik hain hurren izatea. Kasualitate asko egun gris hauetan amesteko. Sorionekuak izan gaitezen eta, hots, irri eta musu pila denondako.