Bazterretik

'Tifloteka', guztiz beharrezkoa dugun neologismoa

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2023ko api. 3a, 09:29

Lehengo egunean testu bat itzultzeko pasa zidaten; hitzen artean bazen bat inoiz ere, ez erdaraz, ez euskaraz, entzuna ez nuena: "tifloteka". 

Itzulpena egiteko unean hiztegietan begiratzen hasi nintzen, baina ezer ez. Gero Interneten nabigatzen, eta, orduan bai, ONCEren eta Ekuadorreko Unibertsitate Politekniko baten web orrietan hitza aurkitu nuen. Hantxe adierazten zenaren arabera, tifloteka gune berezi bat da, biblioteka baten antzekoa, baina azken hauetan letraz idatzitako liburuak baldin badaude, tifloteketan braillez idatzitako liburuak daude, bai eta ikusmen urritasuna duten ikasleentzat ezinbestekoak diren beste baliabide anitzak ere. 
Leku berean, "tifloteknologia" kontzeptua aipatzen zen eta onlineko hiztegi batean adiera jasotzen zela zioten. Berriz ere hiztegietara joz, hitza aurkitu nuen azkenik; grezieratik zetorrela zioen, τυφλός typhlos 'itsu' hitzetik hain zuzen ere. Tifloteknologia aurrerapen teknologikoak itsuen eskura jartzeaz arduratzen da. Kontzeptu honi loturik, erro bereko beste hitz hauek aurkitu nituen (euskaratu ditut): tiflologia, tiflologikoa, tiflologoa, tifloteknika eta tifloteknikoa. Denak hitz berriak niretzat.

Euskal Idazleen Elkartearen azken bileran Josu Jimenez Maiak Gorka Bereziartuari hartutako "idazkurle" neologismoa ("wreader") gogora ekarri zigun, ‘irakurle den idazlea’ esanahia duena. Edorta Jimenezek esan zuenez, idazleek ez badute hitzak sortzeko eta hiztegia aberasteko eskubidea, orduan nork? Hori da haien betebeharra.

Agindu horri jarraikiz, hauxe da euskaldun guztiei, eta itsuak direnei bereziki, egin nahi diedan ekarpena: gorago aipatu eta inklusioarentzat beharrezkoak diren neologismo horiez gainera, bi gehiago, "tiflofiloa" 'ikusmen urrikoen eskubideen aldekoa' (hau erdaraz erabilia, ik. Revista Mensual Tyflofila Hispano Americana, 1916 eta ond.), eta "tiflotekazale" ‘tifloteken laguna dena’.

Sor ditzagun tiflotekak gure herrietan, itzalez beteriko mundu honetako ilunbeetatik atera gaitezen eta, Bargan bezala, argia piz dadin.