Ondokoen zorigaitzak berehalaxe ahanzten zaizkigu. Emango luke gure burmuina ez dela gauza inguruan gertatzen diren ezbeharretatik ikasteko eta, denbora jakin bat iragan delarik, horiek gogoratzeko. Gure minak, ordea, ez gaitu inoiz ere bakarrik uzten, baina guk besteen penekin egiten dugun bezala, besteek ere gauza bera egiten dute gureekin… ahaztu.
Hain garrantzitsuak eta ezinbestekoak izan zirenak garai batean, laguntzarik handiena eman zigutenak, denborarekin lausotzen eta ezabatzen hasten dira gure burmuinetatik, eta gar ahul bat balira bezala, hasten dira itzaltzen eta itzaltzen, argi txiki-txiki dardarti bat gelditu arte… eta hori ere haize bolada txar batek erabat itotzen duenean, emango luke inoiz ere ez dela pizturik egon, inoiz ere ez dela gure ondoan izan. Haien esanak eta haien eginak iraganeko kontu zaharrak direla sinestarazi nahiko digute, inoiz ere existitu izan ez balira bezala.
Ez dezagun gure memoria gal!!!
Lapurdiko Senpere herrian toki bat hartu dute Euskal Herriko historiari eta memoriari eskaintzeko. Anai Arteak elkartekoek oroitarri bat ezarri dute Helbarrun auzoan, Azkainerako bideberri zaharrean, irteerarik gabeko bide itsu batean, inoiz ere ahantz ez dezagun zein izan den gure iragan hurbila, zein izan den ukatu diguten historia, zein gure historia guk kontatu gabea, ikusezina. Historia irabazleek idazten dute eta aldatu eta desitxuratzen dute haien nahierara.
Azken hauteskundeen ondorioz, uharte isolatu batean bezala gelditu gara, itsaso urdinez inguratuta, ertz guztietatik olatuen mehatxuaren menpe. Garai txarrak datoz, noizbait onak egon badira, eta guk batela hartuta ikasi behar dugu nabigatzen, gure memoriari irmoki eutsiz.
Senpereko memorialak gure iraganaren lekukotasuna ematen du, isilarazitako historia batena. Iragan egunak ohora ditzagun joan zirenen oroimenez. Haiek historia egin zuten, eta guk, gure historia kontatzea oraindik ere debekatuta dugula dirudien arren, historia hori idatzi behar dugu. Izan ere, guri dagokigu, ez olatu urdinei.