Zartakoak kale egin du eta ez digu azkenean buruan koskorrik egin. Telebistetako tertuliakide guztiek, iritzi azterketa guztiek, bete-betean joko gintuela errepikatu digute behin eta berriz; eta jende asko beldurrez zegoen, gezur horiek guztiak sinetsita.
Argi dago Goebbelsen leloa betetzen dela oro har, alegia, gezur bat hamaika aldiz errepikatzen bada, jendeak egia dela sinetsiko duela. Eta hala gertatu da oraingoan ere, hainbeste aldiz entzun dugu gehiengo luze bat LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aurka zegoela, gehiengo luze batek independentisten botoarekin lortutako aurrerakuntza sozialak gaitzesten zituela, gehiengo luze batek salatzen zuela "Soilik Bai da Bai" legeak gure kaleak bortxatzaileez betetzen zituela, azkenean gezurrak sinetsi ditugula eta udan egon arren, neguan egongo bagina bezala hotz ikaragarria sentitu dugula.
Altsasuko Marzelino Ansa gazteak, 1971n 15 urte zituenak, Umeen deia liburuan gehiengo "luze" horren inguruan argia eman diezagukeen ipuin eder bat utzi zigun. Berak kontatzen zuenez, gerra denborako arratsalde batean jeneral bat sartu omen zen Sakanako etxe batean eta bere soldaduentzat lo egiteko leku bat ematera behartu zituen etxekoak. Etxeko andreak ganbara utzi zien eta han hartu zuten ostatu soldaduek eta beren jeneralak. Leku ederra zirudien troparentzat, hala eta guztiz ere, gaua ailegatu zelarik, konturatu ziren argirik ez zegoela eta, orduan, jendetasunik batere ez zuen jeneral hark ozenki oihukatu zuen erdara hutsean eta modu txarrean: "Luz!".
Etxeko aitonak agindua (edo, hobeto esanda, oihua) entzun zuen eta, berehalaxe, bere aulkitik altxatu eta egurtegira atera zen. Handik egur "luze" bat aukeratu zuen eta huraxe igo zion ganbarara aginduak oihuka ematen zituen jeneral harroputzari, hitz hauek esaten zizkion bitartean: "Hau baino luzeagorik aurkitzea kostako zaizu".
Gauza bera gertatu zaie gezurti hauei, "gehiengo luzea" izan ordez, "egurra" jaso dute, "luzeagorik bilatzen kostako zaie" hemendik aurreragoko lau urteotan.