Denbora asko igaro da nire azken zutabea idatzi nuenetik, eta bitarte honetan mundua ez da hobetu. Zorigaiztokoak dira nagusi: eskailera garbitzaileak iraintzen dituztenak, ahulen azpiratzaileak, indartsuen lausengariak, airetik ospitaleak suntsitzen dituzten jazarleak, herri baketsuak hiltzen dituzten genozidak, garbiketa etnikoaren planifikatzaileak, haien bidegabekeriak txalotzen dituzten gobernariak, Miel Otxinen panpina gorrotoz triskatzen duten banderadunak, libertate hitza ahotan darabilten baina askatasuna gorrotatzen dutenak eta abar... Izan ere, oro har, jende gutxik zaindu du Gabon hauetan bonben azpiko Belengo Portaleko haurra.
Noizean behin, egia da, iraultza txikiak irabazten dira; adibidez, basajaunaren bigarren etorrera Erreinu Zaharreko hiriburuko alkatetzara, Olentzeroren eta Errege Magoen bisiten artean, Inuzenteen Egunean. Edo, bestela, gorrotoaren itzalak Estatuko gobernura iritsi ez izana, Tartasen txakur erresilienteak hozka egin baitzien garaitua zutelarik.
Gurean ere, Urteberriarekin batera, garaipen berriekin amets egiten dugu. Ur goiena, Ur barrena, Beriain mendi sakratuaren urek zerua musukatzen dute, eta lurrak euskaraz hitz egiten digu. Iruñerrian, berriz, Irulegiko eskua zabal-zabalik, euskaraz ere? Esku bakarra? Beste bi idazlerenak ere bai? Marraz idazten zuen batak, puntuz besteak? Sorioneku, Sorioneke? Goiza freskoa da Irulegin, elur ekaitzaren hurbiltasunaren adierazle.
Irakurketa berriak, galdera berriak, zalantza berriak, zoriaren zoriaz. Urtarrilaren 6an, Epifaniaren egunean, gizon on baten betiko loaren 6. urteurrena bete zen. Ricardo Zierbide zuen izena. Erdoziak aipatu Ansaretako zierbidie eta Zierbide Etxarriko tokiak bisitatu nahi zituen, baina ez zuen horretarako zoria izan, Heriotzak eraman zuen lehenago. Bera ekarri nahi dut orain orrialde hauetara, gizon solidarioa baitzen, gu zorionekoak izan gintezen nahi zuena, eta ez gu bakarrik, baita lurreko gizaki guztiak ere, Belenen bizi direnak barne. Halaxe izan zen Zierbide, Sorioneku.