Bazterretik

Gora martxoaren 8a!

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2024ko mar. 11a, 09:40

Ostiralean izan zen martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Nazio Batuek eratu zuten eguna orain dela urte… asko? 1975ean izan zen, Franco hil zen urtean. Batzuentzat denbora asko pasa da, beste batzuentzat, berriz, ez hainbeste, zein den ikuspegia; izan ere, oraindik ez dira 50 urte pasa. Gizakiaren historia luzean zenbat da hori? Zenbat urte utzi zaizkio emakumeei? Zenbat urteko historia da gizonena?

Historian izan diren emakume ospetsuei buruz galdetuz gero, askok egungo emakume garaikideen izenak aipatuko dituzte, Nafarroako (eta Madrileko!) lehendakariak, ministro zenbait, antzezle ospetsuak, modeloak… baina Ama Birjinak, santak, faraoi eta erreginak albo batera utzirik, nekez aipatuko dizute aro klasikoko emakumerik (agian, Hipatia?), edo XX. mendea baino lehenagokorik: anglofiloek, beharbada, feminismoaren aitzindariak gogoratuko dituzte (Jane Austen, Emily Bronte, Ada Byron, Mary Shelley); galiziarrek, Rosalia de Castro; euskaldunek, agian, Bizenta Mogel; frantsesek, George Sand, eta espainolek, Fernán Caballero, gizon izenez ezaguturiko emakumeak; yankiek, Emily Dickinson… edo Disney-ri esker, Pocahontas. Emakume izen bakan batzuk gizakiaren historiaren ozeano handian.

XX. mendea ahalduntzearena izan zen. 1978ko martxoaren 8aren aurreko abenduan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak I. Topaketetara emakume guztiak deitu zituen, bereziki, gizartearen zapalkuntza sentitzen zutenak… Eta argitaratu zuten fanzinean hauxe aldarrikatu zuten: harkaitz sendo bat gara, itsas ertzeko harkaitz sendoa.

Urteak pasa dira eta XXI. mendean formak aldatu dira, baina batzuen buruan sakoneko funtsa, ez. Matxistentzat 50 urte gehiegi dira. Eskubide gehiegi, botere gehiegi. Horregatik, adi egon behar da, martxoaren 8an erdiesten dena ez baita betiko bermatzen. Patriarkatuaren olatuek urak harrotzen segitzen dute itsas ertzeko harkaitz sendoak higatu nahian; baina ez dute lortuko baldin eta lortutakoa eta lortu behar dena defendatzeko feminismoaren talaiatik aldarrikatzen badugu: Gora martxoaren 8a!