Arazorik ez izateko gertatu dena isiltzea ez zait etikoa iruditzen. Aurten gutxitan agertu naiz GUAIXEren orrialdeetara, eta, hala eta guztiz ere, idazten dudan bakoitzean dejà vu sentsazio mingotsa dut nire gogoan, arazo berberak oraindik konpondu gabe, edo, makurragoa dena, okerrago daudela egiaztatzen dudalako.
Egoera gaiztoa ez da aldatzen. Ikasturtearen hasieran mendeku errukigabe baten lekuko izan ginen. Milaka hildako eragin ondoren mendeku gosea asetuko zela uste genuen, baina ez zen hala izan. Hamaika mila errugabe erail ondoren, ere ez; ezta hogeita hamar mila erail zituztenean ere. Honez gero, ez dakigu zenbat hildako berri diren, zenbatezinak baitira.
Kantari batek kantatzen zuen bezala, badira asko "beren bizitzetan drama gehiagorik nahi ez dutenak, soilik komedia entretenigarriak." Ez dute tragediarik nahi. Erabaki dute besteen arazoez ez kezkatzea, ez ikusiarena egitea.
Galdera batzuk egiten zituen kantariak: "Zer inporta du dena gezurra izateak? Zertarako kezkatu egunaren bukaeran dena berdin jarraituko badu? Aspergarria da beti kexaka ibiltzea, atsedenik gabe, eta, gainera, zertarako balio du?" Eta bukatzen zuen esanez berak barre egiten zuela arazo guztien aurrean.
Arazoak daudenean, beste leku batera begiratzea eta barre egitea aukera bat da. Jende askok egiten du hori, zoritxarrez. Eskuin muturrak gero eta lotsa gutxiago du. Batzuei, ero garbiak izan arren, jendeak botoa ematen die. Motozerra eskuan eta izugarrizko jendetza baten aurrean, zerbitzu publikoekin bukatuko dutela eta gorriak ikusteko askatasuna ekarriko dutela aldarrikatzen dute, eta denak txaloka hasten dira, eta hautatzen dute, eta onartzen dute pobreak alferrak direla eta ez badute ezer ere, merezi ez dutelako da.
Haiek etxe batean gozo-gozo bizi diren bitartean, txalotzen dute beste batzuei herria kentzea eta basamortura bizitzera kondenatzea. Pozik bizi dira besteen dramaz barre eginez. Topa egiten dute, iji eta aja, aldamenekoaren etxea suntsitzen duten bitartean.