Rudyard Kipling idazleak zerua bezain zaharra den oihanaren legea argi eta garbi azaldu zigun bere liburu ospetsuan. Zuhaitz enborra inguratzen duen huntzak bezala, legeak aurrera eta atzera egin dezake otsoen nahierara, eta legea beti agertuko da haien alde, otsoek kasu guztietan eta inoiz ere kale egin gabe elkarri ematen baitiote babesa. Oihana beraientzat egina da eta zuk, ardi horrek, haiekin joan nahi baduzu, ez ahaztu noren atzetik zoazen eta noraino diren ehiztari abilak otsoak.
Zaila da zehazten noiz hasi ziren otsoak otso izaten eta ardiak, ardi. Jakina denez, denboren hasieretan urez eta eguzkiaren argiaz elikatzen ziren bakterio batzuk sortu ziren. Beranduago, arrainak. Hauek itsasoko uretatik atera eta lehorra betetzen hasi ziren. Anfibioek baldintza gogor haietan biziraun nahi bazuten, auzolanean aritzen eta errekurtsoak partekatzen ikasi behar izan zuten. Honela, lankidetza eta eboluzioaren garapen apartari esker belarra jaten zuten animaliak sortu ziren eta haien artean, ardiak. Eboluzioaren katea, ordea, ez zen eten, eta belarra bilatze lana gogorra eta nekagarria zenez gero, egun batean haragijaleak sortu ziren, belarjaleak ehizatzea erraza baitzen.
Honela, behin batean, belarra jaten ari zen ardi antsikabe bat otso batek jan zuen, eta handik aurrera otsoek beren legea ezarri zuten oihan zabalean.
Oihanaren gizartea egituratzen hasi zen orduan, otsoen elite txiki batek dena kontrolpean jarri zuen, ardien lurrak bereganatu zituzten eta fortuna handiak sortu ziren. Ardi gehienak gero eta okerrago bizitzen hasi ziren, beste batzuk, berriz, nahiko ongi otsoen zerbitzura, otsoak defendatzen, haiekin atseginak eta adeitsuak izaten, noizbait otsoak izango zirelako esperantzan.
Kiplingek berak gaztigatzen digunez, oihanaren legeak asko dira, baina, finean, bakar batean biltzen dira: ardia, otsoaren legea obeditu eta kitto!
Arkazte, erne! Saiatu zeure janaria haiengandik urrun bilatzen eta ez egon obeditzeagatik emango dizuten sariaren zain, arriskutsuak dira eta!