Anogeia, Kretako herria, hirutan suntsitua izan zen: otomanoek bi aldiz, alemanek behin, nazien okupazioaren garaian. Olerki Tailer bat gidatu nuen Senperen (Lapurdi) Hatsa Elkartearen eskutik eta gogoan izan genituen hiru suntsiketa haietan hil zirenak eta haien hil aurreko oihuak, Lauaxetaren Azken Oihua olerkia irakurriz.
Anogeia bat baino gehiago egon dira historian: gurean Gernika, gugandik ez oso urrun, Oradour-sur-Glane (Frantzia), Srebrenica (Bosnia-Herzegovina, Jugoslavia zaharrean) eta beste. Suntsitzaileak jende xehearen aurka aritu ziren gupigabeki, nolabait herriari babesteko aukerarik eman gabe.
Bizitzak, halere, badaki zenbaitetan bizitza sortzen, eta heriotza bera ere gainditzeko indarra izan dezake, eta hortik bere miraria. Hildakoak, zoritxarrez, ezin dira berpiztu, baina haien herriak, berriz, bai.
Baina bizitzaren miraria gerta dadin, suntsitzaileak, konkistatu, birrindu edota okupatu dituzten lekuetatik atera edo bota behar dira, betiko biztanleen ondorengoak lurrak lantzen eta berreraikitzen has daitezen. Aldiz, suntsitzaileak ez badira joaten, lurraren jabe egiten badira, lurralde osoa kolonizatzen badute, eta bertan bizi direnak erreserbatan sartzen badituzte amerindiarrekin egin zuten bezala, edo herritik basamortura botatzen badituzte, Sahararrekin egin duten bezala, orduan bizitzaren miraria gertatzea, berpiztea zailagoa da, baina ez ezinezkoa mirarietan sinesten dugunontzat. Gazan ere miraria gertatuko ahal da! Lauaxetak gure lurraren berpiztean sinesten zuen: "Gazte argi horrek, eutsi lur amari!"