Astekoa

Zapalgailua ortzadarraren atzean

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2025ko urt. 20a, 11:37

Ortzadarren irideszentziaren itxura ezin ederragoak liluratu ahal gaitu, flauta jole batek suge bat dantzaraz dezakeen bezala, baina ez dezagun ahatz eguzki izpi bat ur tanta baten zehar igarotzean sortzen den efektu optiko hutsa dela.

Argiaren kolore guztiak nabaritzen ditugula eta dena argi eta garbi ikusten dugula uste arren, kotxeko argi luzeen antzera, zenbaitetan sutxakurrak itsu gaitzake.

Kontuz, ikusten duguna edota entzuten duguna egiazkoa ez delako beti, izena duen guztia (gure-gurea den esapideak dioenaren kontra) ez delako beti, eta, aldiz, izenik ez duena izan daitekeelako.

Eta hortxe dago gure arriskurik handiena, ez baitugu ikusten, ez baitugu entzuten, ez baitiogu izenik ematen horrenbeste argiren atzean izkutatzen den zapalgailuari, gu birrintzera datorrena.

Itsaslaminen kantuak ederrak dira, ortzadarraren koloreak bezain bat, eta haien kanten doinua hain gozoa izanik, ez gara askotan abestien letraz konturatzen eta musikarekin batera datorren mezua irensten dugu otzan, apalki, begi distiratsuekin, irriño batez ezpainetan.

Baina itsaslaminez gainera, sirenak ere badaude itsasoan eta haiek ere badakite kantatzen. Haien kantuen kortxeak labanak bezala gure burmuinetan sartzen badira, konturatu gabe beren aho zorrotzekin ebakidurak sortuko dizkigute haien musika aditzen eta ortzadarraren koloreak miresten ari garen bitartean.

Koloreen garaian bizi gara, ilunpean dagoen errealitatea ikusten uzten ez duen argi aizunarenean. Sirenen kantuen garaian. Egia zapaltzeko eta gezurra inpunitate osoz goraipatzeko askatasunarenean.