Behin batean, 2003. urtean, UNESCO deritzan nazioarteko erakunde batek herrien ondare inmateriala (eta leku izenak horren zati dira) zaintzeko beharra agindu zuen.
Agindu horri jarraikiz, 2007an, Hizkuntza Espainiarraren Akademien Elkarteak ez zuen onartu erdaraz ohikoa den Bielorrusia ordez Belarus esaten hastea, edo Costa de Marfil ordez, Côte d’Ivoire, edo Moldavia ordez, Moldova, nahiz eta horiek izan Geografia Izenen Nazio Batuen Bederatzigarren Konferentziak erabiltzeko agindu zituenak; baina ondare inmateriala zaindu beharra zegoen. Horregatik ere, Espainiako Errege Akademiak ez zituen Zelanda eta Nueva Zelanda izenak baztertu, nazio gazteladun gehienetan Zelandia eta Nueva Zelandia erabili arren. Ipar Koreak helegite bat aurkeztu zuen, nazioarteko mapa guztietan beren itsasoari Japoniako itsasoa deitzen zitzaiolako. Berriki, zenbait herri
Sierra de Cantabria izenaren defentsan atera dira, Institutu Geografiko Nazionalak inposatu nahi dien Toloño leku izena onartu nahi ez dutelako. Onomastika Elkarteko Salvak esan didanez, Meano herrian bertan ere Sierra de Cantabria izena erabiltzen dute hestebeteak saltzen dituzten bi etxek, agerian utziz, haientzat behintzat, beren mendiak (Lapoblacion eta Lehoi Lokartuaren Haitza) mendilerro horretakoak direla. Egun, nazioartean zabaltzen ari diren mapa guztietan ohiko
Mexikoko Golkoa izenaren ordez, Amerikako Golkoa irakurtzen da toponimiazale arriskutsu batek hala erabaki duelako. Utziko dugu Gaza suntsitzen eta deuseztatzen Oriente Ertaineko Riviera toponimo berria ezar dezan?