Astekoa

Errekalde kaleko burruka

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2025ko api. 14a, 08:00

GUAIXEko zutabe hau irakurtzen ari bazara une honetan, orain, oraintxe, guaixe, argi dago mundua oraindik bere orbitan dagoela. Zorionak!

Gauean zerura begira gaudenean, iragana ikusten dugu. Hor dauden izar asko, beharbada, hil dira milioika argi urtera daudelako eta denbora tarte horretan milioika gauza gerta daitezkeelako. Aste batean, normalean, ez da aldaketa nabarmenik gertatzen, baina ezin da ukatu azken aldi honetan mundua zoroegi ari dela itzulika bere zentro deszentratuaren inguruan eta zaila dela asmatzen astebetean zer gertatuko den.

Joan den astean, artikulua idatzia izan zenean, mundua akabatzear zegoela zirudien. Munduko aberatsen artean munduko aberastasunak banatu ordez, ordena berrian munduko zoko zehatz bateko aberats gutxi batzuek, bik edo, munduko aberastasun guztiekin gelditu nahi zuten, ezer ere partekatu gabe.

Besteak haserre zeuden eta berrarmatzeko beharra ikusten zuten gerra bati aurre egiteko, nahiz eta etsaia nor izan zitekeen ez jakin, aste batetik bestera aldatzen baitzen.

Ekialde hurbilean gertatzen ari zen sarraskiaz ez zen telebistetako albisteetan ezer ere aipatzen, beharbada denak hilda zeudelako ordurako.

Bitartean, Bilboko Errekalde auzoko gazteak, arantzelez kezkatuta egon ordez, beren Gaztetxea defendatzeko ahaleginetan ari ziren. Telebistetan gazteen jarrera gogor kritikatu zuten okupak zirelako, jendeari beren etxeak kendu nahi zizkiotelako, benetan etxetik bota nahi gaituztenak gerra eta botere nahia baizik beste interesik ez dutenak direla aipatu gabe. Ezin zaie haiei arantzelik jarri?