Astekoa

Euskara hiltzen ari zen, ustez, axola ez zitzaigulako

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza

1966ko otsailean Príncipe de Viana aldizkariaren euskal eranskinaren lehenengo alea argitaratu zen. Lehenengo orrian, euskaraz eta erdaraz, "España’ko berriak" aipatzen ziren, eta beste atal batean, erdara hutsez, Roncesvalles aldizkaria aurkezten zuten.

Nafarroan euskara hiltzen ari zela zioten, mendez mende atzera eginez, gelditu gabe, bizirik egotea benetako miraria izanik, askoz ere gehiago kontuan harturik euskara "hizkuntza ezgauza" zela, "bizitza literario distiratsurik gabekoa". Euskara hiltzen ari zen, eta ez zitzaigun axola. Halere, euskara oraindik salba zitekeen, baldin eta benetan maitasun garbiz, azpijokorik edo nahasketarik gabe, maitatzen bagenuen. Halaxe jokatu behar zuten aldizkarian.

Sakanako herri eta leku asko aipatzen ziren lehenengo zenbaki hartan, horien artean, Etxarri Aranatz. Zutabegileak zioenez, Etxarrikoek

Ama begira zazu kantatzen zutenean parekorik ez zuten. Erreferente handia zen Sakana osoan. Halere, euskara kontuetan ez zen lehengo bera, pipia sortu zitzaiola zirudien, eta Etxarriko pipi horrek imitazioz Sakana osoa jan zezakeen. Begi onez ikusten zen igandeetan hasi zela meza euskaraz ematen, baina ez zen aski. Urte haiek, jakina, ez ziren hoberenak aztertzeko zer dela eta euskara hain ahul zegoen. Príncipe de Viana aldizkarikoek gerra garaian Altsasuko apaiza izan zenarekin hitz egin ahal izan balute, On Marino Aierrak nahikoa arrazoi emango lieke ulertzeko euskara ez zegoela ahul axola ez zitzaigulako, gerra egin eta irabazi zutenek euskaraz aritzeko beldurra (benetako pipia) hedatu zutelako baizik.